Politika -
Kataluniako prozesua
Estatu Kontseiluak oniritzia eman dio Konstituzionalera jotzeari
Espainiako Gobernuak premiazko txostena eskatu zion, Auzitegi Konstituzionalera jo ahal izateko Kataluniako Parlamentuak onartu duen ebazpen independentistaren kontra.
agentziak | erredakzioa
Estatu Kontseiluak oniritzia eman dio Espainiako Gobernuari Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpen independentista Auzitegi Konstituzionalera eramateko, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Kontsulta organo horren ustez, "oinarri juridiko nahikoak" daude aipatutako adierazpenaren aurka konstituzio-kontrakotasun helegitea aurkezteko.
Hain zuzen ere, Konstituzioaren 161.2. artikulua hartu dute oinarri erabakia hartzeko. Horren arabera, Espainiako Gobernuak helegiteak jarri ditzake autonomia erkidegoen organoetako erabakien aurka. Hori egiteak erabaki automatikoki bertan behera geratzea ekarriko luke.
Ondoren, Konstituzionalak bost hilabeteko epea luke suspentsio hori berresteko.
Gaur arratsaldean bertan, Estatu idazkarien eta idazkariordeen Batzordea bilduko da. Hori azken urratsa izango da bihar Ministroen Kontseiluak helegitea aurkeztea onartu baino lehen.