Politika -
Katalunia
Estatuarekiko 'deskonexioa' abian jarri du Kataluniako Parlamentuak
Junts Pel Siren eta CUPen 72 botoekin, "Kataluniako Estatu independentea sortzeko prozesua abiatzea" dakarren agiria onartu du Ganberak.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko azaroaren 9a. Katalunian independentziaren inguruko prozesu parte hartzailea egin zuteneko urtemuga. Egun seinalatu aukeratu dute indar independentistek Espainiako Estatuarekiko "deskonexioa" egiteko eta "Errepublika forma izango duen Kataluniako Estatu independentea sortzeko" prozesuari ekiteko. Gaur onartu du Kataluniako Parlamentuak horri guztiari bide ematen dion adierazpena.
Espero bezala, independentziaren aldeko indarrek, Junts Pel Sík eta CUPek, egin dute adierazpenaren alde. Guztira, 72 boto. Bederatzi puntuko agiria irakurri ostean hasi da bozketa, ohiko formula erabilita. Adierazpenaren bi puntu ahoz gora bozkatzeko eskea egin dute Ciudadanosek, PSCk eta PPk , baina azkenean betiko moduan bozkatu dute Ganberako 135 diputatuek.
Guztira 10 bozketa izan dira, puntu bakoitzeko bana eta ostiralean aurkeztutako eranskineko bat. Bozketan ez da aparteko arazorik izan, gertakari tekniko batzuk salbu.
Esteladak, Espainiako banderak eta erreferendumaren aldeko kartelak
Bozketak amaituta, PPko diputatuek Espainiako eta Kataluniako banderak atera dituzte. Cataluna Si que es Pot alderdiko kideek, berriz, erreferendumaren aldeko kartelak erakutsi dituzte.
Onartutako testuaren arabera, gehienez 30 eguneko epean Kataluniako estatuaren oinarri izango diren azpiegiturak abiatzeko eta Espainiako Estatuarekiko "deskonexio demokratikoa" burutzeko legeak ("prozesu konstituziogilea, gizarte segurantza eta ogasun publikoa") tramitatzeko deia egin du Parlamentuak. adostutako testuak.
Lehen puntuan, irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeek utzitako emaitzak eta bozek emandako "agindu demokratikoa" aipatzen dute. . Bertan nabarmendu dutenez, "subiranotasunaren aldeko gehiengo zabal bat dago, bai boto kopuruari zein eserleku kopuruari dagokionez. Menpekoa izango ez den prozesu konstituziogile bat zabaltzearen alde dago gehiengo hori".
Hori horrela, "errepublika formako estatu independente katalan bat sortzeko prozesuaren hasiera" aldarrikatu du adierazpenak. Prozesua "herritarra, parte-hartzailea, irekia, integratzailea eta aktiboa" izango da eta "Kataluniaren etorkizuneko Konstituzioaren oinarriak" ezarriko ditu.
Auzitegi Konstituzionalaren menpe egon gabe
'Desobedientzia' hitza aipatu gabe, adierazpenak argi utzi du Kataluniako Parlamentua, "duen botere konstituziogilearen eta subiranotasunaren gordailu" den aldetik, eta prozesua bera ezin direla "Espainiako Estatuaren erakundeek, batez ere Auzitegi Konstituzionalak, hartutako erabakien menpe egon".
Gaur Ganberak onartutako agiriaren arabera, epaitegi hori "deslegitimatuta eta eskuduntza gabe dago" 2010etik, 2006an erreferendum bidez onartutako Kataluniako Autonomia Estatutuaren kontrako epaia eman zuenetik, alegia.
Hala, bozen ondoren osatu behar den Gobernuari Parlamentuak "emandako arau eta aginduak bakarrik" betetzeko deia egin dio adierazpenak, "Espainiako Estatuaren erakundeek hartutako erabakietatik babesteko".
PPko diputatuek Espainiako eta Kataluniako banderak atera dituzte. Argazkia: EFE
Amaitzeko, "Espainiako Estatuarekiko deskonexio demokratiko, masibo, iraunkor eta baketsua" egiteko prozesua abiatzeko neurriak hartzeko eskaria egin dute adierazpenean. Helburua "Errepublika forma izango duen estatu independente katalana sortzeko agindu demokratikoa" errealitate bihurtzea da, agiria Estatuan, Europar Batasunean eta nazioartean jakinarazi ostean.
Agiriarekin batera, Kataluniako herritarren oinarrizko eskubide sozialak "babesteko" eranskina onartu du Parlamentuak. Besteak beste, pobrezia energetikoa, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza bezalako eskubideak "blindatzen" ditu Junts Pel Sik eta CUPek ostiralean erregistratutako agiriak.
EH Bilduko eta EAJko ordezkariak izan dira Kataluniako parlamentuan
EH Bilduko eta EAJko ordezkaritza bana izan da gaur Kataluniako Parlamentuan. Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak atzo adierazi zuen ez zirela elkartasuna adieraztera bertaratuko, "Euskal Herriak Kataluniak hasi duen bidea" partekatzen duela esateko baizik. "Gu ere martxan gaude", nabarmendu zuen.
EAJk ere ordezkaritza bat bidali du Kataluniara. Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Kataluniako Parlamentuan izan da "Kataluniako herriaren gehiengo subiranoak" ebazpen independentistaren gainean hartutako erabakiari babesa emateko.
"EAJ noren alde dagoen argi gelditu dadin. Beti bezala, herriaren, jendearen eta askatasunaren alde egongo gara. Inoiz ez gara debekuen alde egon eta orain ere ez. Ez dugu guretzako nahi eta ezta beste inorentzat ere", adierazi zuen Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak.
Ehunka lagunek jarraitu dute eztabaida Kataluniako Parlamentuaren kanpoaldean
Ehunka lagunek jarraitu dute ebazpen independentistari buruzko eztabaida Kataluniako Parlamentuaren kanpoaldean jarritako pantaila handi baten bitartez. Gainera, independentziaren kontrako 20 lagun inguruk bandera espainiarrak erakutsi dituzte, Somatemps plataformak deituta.
Dena den, ez da bi taldeen arteko inolako gorabehera nabarmenik izan. Hori bai, bat etorri dira Joan Coscubiela SiQueEsPot taldeko diputatuaren hitzaldiaren amaieran txistu egiterakoan.
Artur Masen inbestidura
Adierazpena onartu eta ordu batzuetara, Parlamentuak hasiera eman dio Artur Masen inbestidura saioari. Ezustekorik ezean, jarduneko presidenteak ez du babes nahikorik izango karguan jarraitzeko, CUPk errefusatu egin baitu horren hautagaitza babesteko.
Hitzaldian, Mase CUPi zuzendu zaio, eta prozesu independentistan "mundu guztia" beharrezkoa dela nabarmendu du. Bestela esanda, "ez dago inor soberan".
Horren ildotik, bere inbestidura babestu ezean, prozesua "ez aurrera ez atzera" geratuko dela nabarmendu du.
Jarduneko presidentearen hitzetan, hasi berria den legegintzaldian "Estatu bat sortzeko gehiengoa dago; ez autonomia bat kudatzeko".