Politika -
Kataluniako prozesua
Rajoyren 'ibilbide orria' ebazpen independentistari aurre egiteko
A-9aren ostean egindakoaren antzekoa izango da, eta ziurrenik bihar hasiko da, Auzitegi Konstituzionalean helegitea sartuta.
agentziak | erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak ebazpen independentista onartu ostean, abian da Espainiako Gobernuaren 'ibilbide orria' horri aurre egiteko. Azaroaren 9ko parte-hartze prozesuaren ostean emandako antzeko pausoak izango dira, eta bihar hasiko dira ziurrenik.
- Espainiako Gobernuak txostena eskatuko dio gaur Estatu Kontseiluari Parlamentu kataluniarraren ebazpenaren kontra jotzeko.
- Estatu Kontseiluaren batzorde iraunkorrak premiazko bilera egingo du bihar goizean ziurrenik txostena kaleratzeko. Baina txostena ez da loteslea izango.
- Estatu Kontseiluaren txostena jasotzen duenean, aparteko Ministroen Kontseilua egingo dute Auzitegi Konstituzionalean inkonstituzionaltasun helegitea aurkezteko baimena emateko.
Espainiako Gobernuak ebazpena bertan behera uztea eskatuko du, Konstituzioaren 161.2 artikuluan oinarrituta. Arau horren arabera, bost hilabetez gera daiteke bertan behera erkidego batek onartutako lege bat Espainiako Gobernuak inpugnatzen duenean.
- Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak sinatzen duenean, Estatuaren Abokatutzak, edo Gobernuko ordezkariren batek, helegitea eramango du Auzitegi Konstituzionalera.
- Azkeneko pausoa asteazkenena izan liteke, Auzitegi Konstituzionalaren premiazko bileran. Helegitea tramitera onar dezake eta ekimen independentista bertan behera utzi.
- Hala, Auzitegi Konstituzionalak Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari emango dio erabakiaren berri, ebazpena bost hilabeterako bertan behera geratzen den ala ez. Bertan behera geratuz gero, Auzitegi Konstituzionalak bost hilabeteko epean erabaki beharko du betiko deuseztatu ebazpena edo ez.