Politika -

Eztabaida prozesu berria

'Abian' eztabaida prozesuaren hasiera iragarri du ezker abertzaleak

Abian eztabaida prozesua aurkezteko ekitaldian, ezker abertzaleko ia 300 buruzagi eta kide bildu dira. Prozesuaren helburua euskal estatua sortzea izango da.

Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Ezker abertzaleak 'Abian' eztabaida prozesua jarriko du martxan

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak "Abian" eztabaida prozesuaren hasiera iragarri du larunbat honetan Donostian, justizia sozialean, feminismoan eta euskaran oinarritutako euskal estatua eraikitzea helburu.

Donostian egindako ekitaldi politikoan, euskal presoak Euskal Herriratzeko asmoz, indarrak batzeko lan egingo dutela ere adierazi dute.

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira Sortuko buruzagiak, Tasio Erkizia edota Karmelo Landa ezker abertzaleko buruzagi historikoak, Iñigo Iruin abokatua edota Ainhoa Etxaideko LABeko idazkari nagusia.

Marije Fullaondok eta Igor Arroyok prozesu "integral eta parte hartzailearen" nondik norakoak azaldu dituzte gazteleraz eta euskaraz, eta ezker abertzaleak duela bost urte hartutako bidea defendatu dute. "Ziklo bat itxi eta beste bat ireki zen", gaineratu dute.

Azaldu dutenez, "arnas luzeko birdefinizio eta eraberritze estrategikoa izango da Abian, Euskal Estatua helburu".

"Independentziaren atea irekitzeko eta gizon eta emakumeen eskubide sozialak bermatuko dituen euskal estatua eraikitzeko asmoz, etorkizunari anbizioz begiratzeko garaia da", gaineratu dute. Ildo horretan, defenditu dute feminismoa, euskalduntzea, sozialismoa eta independentzia kontzeptuak proiektu erreal eta eraginkor bihurtzea dutela helburu.

"Abian prozesuaren bitartez hori guztia egingarri izatea ahalbidetuko dugu. Zutik Euskal Herria eztabaidatik emandako aurrerapausoak ebaluatuko ditugu, gure ezintasunak aztertuko ditugu, gure akatsetatik ikasiz. Egungo militanteen belaunaldiak ziklo honetako bigarren pausoa emango du", aldarrikatu dute.

Bestalde, independentzia egunez egun eta "inoren zain egon gabe" eraikitzearen beharra azpimarratu dute.

Eztabaida prozesua bi fasetan egingo dute. Lehendabiziko fasean, hausnarketarako espazioak sortu eta idatziko ekarpenak bilduko dituzte eta, bigarren fasean, eztabaidari helduko diote "herri eta auzo batzarretan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken albisteak Sortu Hasier Arraiz argazkiak Albisteak