Politika -
Auzitegi Nazionala
Urtebeteko zigorra, Facebooken ETAren jarduera justifikatzeagatik
Auzitegi Nazionalaren arabera, Felix Urbistondok ETAren jarduera justifikatzen zuen sare sozialetan hildako ETAko kideak “hildako euskal politikari” gisa agertzeagatik.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela-zigorra ezarri dio Felix Urbistondo Fernandezi Facebooken argitaratutako 46 argazkiren bitartez ETAren jarduera justifikatzeagatik eta hildako ETAko kideak "hildako euskal politikari" gisa agertzeagatik.
Concepcion Espejel epaileak zuzentzen duen Zigor Aretoak zazpi urteko gaitasungabetzea ere ezarri dio, defentsa Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalarekin akordio batera iritsi ostean.
Urbistondok gertakariak aitortu ditu, eta defentsak kartzela-zigorra bertan behera geratzea eskatu du. Ministerio Publikoaren ordezkariak baieztatu du aurrekariak deuseztatzeko modukoak direla, eta epaileek adierazi dute akusatuaren zigor historiala aztertu ostean hartuko dutela erabakia.
Urbistondok 2012tik 2014ra Facebooken argitaratu zituen edukietan "ETA erakunde terroristaren jarduera justifikatzeko, eta ekintza terrorista horien biktimak gutxiesteko eta umiliatzeko asmo argia zegoen", fiskalaren arabera.
Argitaratutako argazkien artean ETAren anagramak omen zeuden.