Politika -
Katalunia
Parlamentuak onartu egin du ebazpen independentista izapidetzea
Baliteke bozketa hilaren 9an egitea, Generalitateko presidentearen inbestidura saioa hasi baino lehenago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Parlamentuak onartu egin du independentziaren aldeko ebazpena izapidetzea, Ganberako Mahaiak errefusatu egin baitu ekimen hori ez eztabaidatzeko Ciudadanosek eta PSCk egindako eskaerak.
Ebazpen independentista Junts pel Si koalizioak eta CUPek adostu dute, eta baliteke hilaren 9an bozkatzea.
Egun horretan bertan hastekoa da Generalitateko hurrengo presidentearen inbestidura saioa, baina baliteke independentziaren aldeko ebazpena lehenago bozkatzea, CUPek eskatu bezala.
Junts pel Sik eta CUPek adostutako ebazpenean, irailaren 27ko hauteskundeen "agindu demokratikoak" independentziarako prozesua bermatu zuela jaso dute, eta Auzitegi Konstituzionalaren balizko erabakien menpe ez egoteko deia egin dute, epaitegi hau "deslegitimatuta" dagoelako.
Helegiteak Konstituzionalean
Bestalde, Alderdi Popularrak, PSCk eta Ciudadanosek bihar aurkeztuko dituzte helegiteak Bozeramaileen Batzordearen bileraren eta mozio independentista tramitera onartu izanaren aurka.
Albert Rivera Ciudadanosen presidente eta Espainiako Gobernuko presidentegaiak aurreratu du bere alderdiko, PSOEko eta PPko kideek asteazkenean aurkeztuko dituztela babes helegiteak Konstituzionalean.
"Horixe dagokigu", adierazi du Riverak gosari informatibo batean. Gainera, Ines Arrimadas Ciutadansen buruari eman dio popularrek eta sozialistek bat egin izanaren meritua.
Hala ere,, Miquel Iceta PSCren ordezkariak aitortu du "oso zaila" izango dela babes helegiteek ebazpenaren eztabaida galaraztea.
Xavier Garcia Albiol PPren Kataluniako buruak salatu du euren eskubideak urratu dituztela Bozeramaileen Batzordea 'popularrek' taldea osatu aurretik bilduta.