Politika -
Bilera Moncloa jauregian
Riverak babesa agertu dio Rajoyri, Katalunian "legea betearazteko"
Ciudadanoseko buruzagiaren bilera egin ostean, Pablo Iglesias Podemoseko liderra hartu du Espainiako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak babesa agertu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, Katalunian "legea betearazteko".
Rajoyk Rivera hartu du Moncloan, bilera-sorta abiatu baitu Kataluniako prozesu independentistari aurre egiteko. Arratsaldean Pablo Iglesias Podemoseko buruarekin ere batzartuko da.
Agintariarekin bildu eta gero, Riverak prentsaurrekoa eskaini du, eta demokrazia "ez da negoziagarria" nabarmendu du.
Horren ildotik, une "delikatu honetan" Ciudadanosek Espainiako Gobernua babestea "garrantzitsua" dela esan du Riverak, eta Espainaren aldeko itun bat eskaini dio Rajoyri. Agintaria "edukiarekin ados" dagoela eta testua aztertuko egingo duela esan du Ciudadanoseko buruak.
Konstituzioaren 155. artikuluari dagokionez (autonomia bat bertan behera uztea ahalbidetzen duena), hura ezarri baino lehenago "mekanismo guztiak" martxan jarri behar direla adierazi du Riverak.
UPyD eta Unio alderdiekin bilerak
Kataluniari buruz hitz egiteko hasitako bilera-errondaren baitan, datorren asterako bi hitzordu ditu Rajoyk. Asteartean, 11:00etan, Andres Herzog Hauteskunde Orokorretarako UPyDren hautagaiarekin bilduko da.
Josep Antonio Duran i Lleida Unioko ordezkariarekin ere bilduko da, oraindik eguna eta ordua zehaztu ez dituzten arren.