Politika -

SAKABANAKETA POLITIKA

20 presok Euskal Herriratzeko egindako eskaria atzera bota du ANk

Espetxe zaintzako epailearen erabaki bat berretsi du Auzitegi Nazionalak,  'egungo espetxe politikak presoen oinarrizko eskubideak ez dituela urratzen' iritzita.

Zaballako espetxea, Araban.
Zaballako espetxea, Araban.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxe zaintzako epailearen erabakia berretsi, eta ETAko 20 presok Euskal Herrira hurbiltzeko egindako eskaria  baztertu egin du Auzitegi Nazionalak. Egungo espetxe politikak ez dituela presoen oinarrizko eskubideak urratzen esan du ANko epaileak, gaur kaleratutako autoan.

Zigor-arloko Aretoak bota ditu atzera presoek jarritako errekurtsoak. "Sakabanaketak ez ditu presoen komunikazio, bisita, defentsa, aholkularitza juridiko, hezkuntza, kultura edo osasun eskubideak urratzen", autoan jasotzen denez.

Bestalde, Zigor-arloko Aretoaren arabera, ETAren armagabetzearen ondotik, kartzela politika "moldatu" egin da eta talde armatuarekin duten lotura eteten duten presoen hurbiltzea ahalbidetzen da 'Langraiz bidea' delakoaren bidez.

Ramon Saez epaileak boto partikularra eman du. Horren arabera, presoak etxetik gertu egotea "terrorismoa gaitzesten" duen "egungo errealitatearekin" lotura izateko tresna izan daiteke. Epailearen iritzian, horrek guztiak "gogoeta prozesuak" zabaltzea eta "eragindako minaren aitortza" ekar ditzake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak ETA gaur