Politika -
Prozesu independentista
Rajoy, bloke konstituzionalista osatu nahian
Pedro Sanchez PSOEko buruzagiarekin independentismoaren aurkako estrartegia aztertu ostean, ostiral honetan gauza bera egingo du Albert Riverarekin eta Pablo Iglesiasekin.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy mugimenduak egiten hasi da, Kataluniako prozesu independentista gelditzeko asmoz. Junts pel Sik eta CUPek Kataluniako Estatua eraikitzeko ekimena aurkeztu ostean, norabide horretan urrats gehiagorik ez emateko bloke konstituzionalista osatu du nahi du Rajoyk.
Gauzak horrela, atzo Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zen eta bihar Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin eta Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarekin elkartuko da.
Moncloa Jauregian egindako bileraren ostean, Espainiako Gobernuak eta PSOEk agiri banatan eman zuten bileraren berri. Bi oharrak berdin-berdinak dira, eta bi paragrafo dituzte: ?Konstituzioaren, batasun nazionalaren, subiranotasun nazionalaren eta espainiar guztien arteko berdintasunaren alde batera lan egitea adostu dute?.
Rajoyk behin baino gehiagotan adierazi du publikoki Espainiaren batasuna defendatzeko eskura dituen bitarteko juridiko eta politiko guztiak erabiliko dituela, Kataluniako autonomia baliogabetzeraino.
Pedro Sanchezek, berriz, Kataluniako prozesu independentista ?lehen mailako? arazo dela eta, ondorioz, ?tamaina handiko erantzun politikoa? eman behar zaiola azpimarratu du.
Komunikabide batzuen arabera, Espainiako Gobernuaren eta PSOEren estrategia prozesu soberanista Kataluniako Parlamentuan ahalik eta denbora luzeenean oztopatzean oinarrituko litzateke. Horretarako, Alderdi Popularrak, PSCk eta Ciudadanosek ekimen bateratuak eta helegiteak aurkeztuko lituzkete.
Albert Rivera eta Pablo Iglesias
Pedro Sanchezekin batzartu ostean, Rajoyk Albert Rivera eta Pablo Iglesias hartuko ditu Moncloa Jauregian, bloke konstituzionalista horretara Ciudadanos eta Podemos batzeko aukera aztertzeko.
Gaur goizean bertan, Rivera eta Rajoy telefonoz aritu dira biharko topaketako nondik norakoak zehazte aldera.
Ciudadanoseko buruak bere ustea eman dio Rajoyri gertatzen ari den "erronka sezesionista"ren aurrean eman ditzaketen urratsen gainean; horrez gain, "lege demokratikoen eta espainiar guztien batasunaren" aldeko iritzi irmoa agertu du.
Ebazpen independentista izapidetzeko onartu izana Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurritzeko aukera adierazi dio Riverak Rajoyri, baita Kataluniako Parlamentuan Ciudadanosek dituen diputatuek Goi Auzitegiaren aurrean babes-errekurtsoak aurkezteko aukera ere.
Albert Riverarekin batzeaz gain, bihar Podemos alderdiko idazkari nagusi Pablo Iglesiasekin ere batuko da Mariano Rajoy. Albert Riverarekin eguerdian bilduko da eta Iglesiasekin, arratsaldean, 16:30ean.