Politika -
Akitania eta EAE
Nafarroa Euroeskualdera itzultzea aztertu dute Barkosek eta Urkulluk
Urkullu, Barkos eta Akitaniako presidentea bildu dira, Foru Erkidegoa lankidetzarako esparru horretan sartzeko prozesua aztertzeko.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakaria Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin eta Alain Rousset Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidentearekin bildu da gaur goizean Andorran, Nafarroako Foru Erkidegoa EAEk eta Akitaniak osatzen duten Euroeskualdera batzeko prozesua aztertzeko, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. 2000. urtera arte egon zen Foru Erkidegoa elkarte horretan.
Bilera Andorran egin dute, han baitaude hiru agintariak, gaur Pirinioetako Lan Elkartearen osoko bilkuran parte hartzeko.
Uztailean Barkos Gobernuan sartu zenetik, Akitaniaren eta EAEren arteko Euroeskualdeko lankidetza-esparruan sartzeko nahia adierazi du Nafarroako Gobernuak.
Bileran, agerian utzi dute "EAEko, Akitaniako eta Nafarroako ordezkari politikoek bakarrik osatuko duten lantalde bat eratzeko premia, Foru Erkidegoaren atxikimenduarekin lotutako kontu guztiei heltzeko".
Urkulluk kankidetza indartzearen alde egin du
Lan elkartean egindako agerraldian, Urkulluk mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza “indartzeko” deia egin du, eta NBEk Garapen Iraunkorra sustatzeko 2030 Agenda oinarri hartzea proposatu du,.
Besteak beste, POCTEFA programan lankidetzan aritzea ere eskatu du agintariak. Joan den astean aurkeztu zuten programa hori, eta 300 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu.
Barkos: "Muga aukera bat da"
Bestalde, Uxue Barkosek esan du muga "aukera" bate dela.
"Asko dira aurrean ditugun erronkak 2020. urteko Europa eraikitzeko, eta horiei irmo erantzuteko gauza izan behar dugu, mugaren bi aldeetako eskualdeontzat lankidetza oso inportantea dela erakusteko", adierazi du.