Politika -
Euskara
Frantziako Senatua, Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestearen aurka
Hizkuntza Gutxituen Ituna Frantziako Konstituzioan sartzeko konpromisoa hartu zuen François Hollandek hauteskunde-kanpainan, baina gehiengo kontserbadoreak egitasmoa baztertu du.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Senatuak baztertu egin du Hizkuntza Gutxien Europako Ituna Konstituzioan sartzea.
Goiko ganberan gehiengoa duten kontserbadoreek bat egin dute lege-proposamena atzera botatzeko. Frantziako Gobernuari testuaren gaineko galdera bidali zioten eta horrek egitasmoa baztertzea suposatzen du praktikan.
Frantziak 1992an sinatu zuen Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, baina ordudanik ez du berretsi.
François Hollande presidenteak ituna Konstituzioan sartzeko konpromisoa hartu zuen hauteskunde-kanpainan, baina hori gauzatzeko Parlamentuko eta Senatuko ordezkariak bildu eta hiru bostenen babesa behar du, eta gaurko bozketan ez du horrelakorik lortu.
Nicolas Sarkozyren agintaldian euskara, korsikera eta bretoiera "Frantziako ondare" aldarrikatu zituzten.
Europako Itunak hizkuntza gutxituak aitortzera behar ditu Estatuak eta, ondorioz, hezkuntzan, justizian edo administrazioan eragina izan dezakete.