Politika -

KATALUNIA

Rajoy: 'Tresna juridiko eta politiko guztiak martxan jarriko ditugu'

Junts pel Sik eta CUPek Kataluniako Parlamentuan goizean aurkeztu duten proposamenaren ondoren agertu da hedabideen aurrera Espainiako presidentea: probokaziotzat jo du alderdi independendisten plana.

Mariano Rajoy, Espainiako presidentea.
'Gobernuak tresna politiko eta juridiko guztiak erabiliko ditu'

2:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ohartarazi du Espainiaren subiranotasuna eta batasuna defendatzeko "tresna politiko eta juridiko" guztiak martxan jarriko dituztela, Junts pel Si eta CUP alderdiek gaur Kataluniako Parlamentuan onartutako proposamena aurrera aterako balitz. Errepublika katalana eratzen hasteko adierazpena adostu dute bi alderdiok.

Proposamena aurkeztu eta berehala egin du Rajoyk agerraldia hedabideen aurrean, Espainiako Gobernuaren jarreraren berri emateko. "Probokaziotzat" jo du presidenteak Junts pel Sik eta CUPek aurkeztutako testua. Dela dela, "lasaitasunerako" mezua igorri du, proposamenaren "helburu bakar bat ere aurrera ez dela aterako" esanaz.

Gobernuko presidente den artean, Espainiak bere batasunari eutsiko diola eta "herritar askez osatutako nazioa" izaten jarraituko duela agindu du. "Zentzugabekerien gainetik" justizia gailenduko dela nabarmendu du.

Junts pel Si eta CUP alderdien proposamena "Konstituzioaren, legeen, katalanen gehiengoaren eta espainiarren interes orokorraren kontrakoa da", Rajoyren aburuz. "Katalunia Espainiarengandik banandu nahi dutenek jakin bezate ez dutela helburua lortuko", gaineratu du.

"Elkarrizketaren" alde agertu da Espainiako gobernuburua, betiere legearen barruan. Espainia eta espainiarrak defendatuko dituela agindu du, legeak ematen dizkion erremintak erabilita, hori delako bere ‘ardura’.

Legea betearazteko hartuko dituen neurriei buruz galdetuta,  legealdi amaieran onartutako Auzitegi Konstituzionalaren erreforma ekarri du gogora. "Auzitegi Konstituzionalaren erremintekin eta Konstituzioak ematen dizkigun tresnekin, proposamen horretan jasotzen dena ez dela beteko berma dezaket", zehaztu du.

Diaz: 'Marra gorriak ezin dira zeharkatu'

Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, JxSiren eta CUPen adierazpena "ke gortina bat" da, Pujol sendiaren etxebizitzetan egindako miaketak estaltzeko.

"Marra gorri batzuk ezin dira zeharkatu, eta horietako bat da Espainiaren batasuna hautsi nahi izatea", ohartarazi du ministroak, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.

Diazek gogorarazi du Estatuaren zerbitzu juridikoak ekimena aztertzen ari direla, eta, beraz, horien ebazpena ezagutu behar dela erantzuna aktibatzeko. Nolanahi ere, adierazpena "astakeria" dela eta Konstituzioa eta Estatutua "argi eta garbi" urratzen dituela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Mariano Rajoy