Politika -

Kataluniako Parlamentua

'Kataluniako estatu independentea' sortzeko prozesua, abian

Parlamentuan prozesuari ekiteko mozioa aurkeztu dute Junts Pel Sik eta CUPek. Auzitegi Konstituzionalaren balizko erabakien menpe ez egoteko deia egin dute testuan

Junts Pel Sik eta CUPek hasiera eman nahi diote independentziaren prozesuari

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts Pel Si eta CUP talde parlamentarioek 'Errepublika formako estatu katalan independentea" eratzeko prozesua abiatzen duen adierazpena adostu eta erregistratu dute gaur Kataluniako Parlamentuan.

Asteak daramatzate bi alderdiek adierazpena negoziatzen, eta Gobernua osatu baino lehen erregistratu nahi izan dute, Ganberak inbestidura saioa egin baino arinago eztabaida dezan.

Jordi Turull eta Marta Rovira Junts Pel Siren parlamentariek eta Antonio Baños eta Anna Gabriel CUPeko ordezkariek erregistratu dute bederatzi puntuko testua, goizean. Adierazpenean, irailaren 27ko hauteskundeen "agindu demokratikoak" independentziarako prozesua bermatu zuela jaso dute, eta Auzitegi Konstituzionalaren balizko erabakien menpe ez egoteko deia egin dute, epaitegi hau "deslegitimatuta" dagoelako.

Gehienez 30 eguneko epean Kataluniako estatuaren oinarri izango diren azpiegiturak abiatzeko eta Espainiako Estatuarekiko "deskonexio demokratikoa" burutzeko legeak ("prozesu konstituziogilea, gizarte segurantza eta ogasun publikoa") tramitatzeko deia egin du bi alderdiek adostutako testuak.

Jordi Turull i Negre Junts Pel Siren parlamentariak Twitterren eskegi du adierazpena, eta "garai historikoa" abian dela azpimarratu du:

 

'Desobedientzia' hitza aipatu gabe

Adierazpenaren lehen puntuan, hauteskundeen emaitzak hartu dituzte ahotan bi taldeek. Bertan nabarmendu dutenez, "subiranotasunaren aldeko gehiengo zabal bat dago, bai boto kopuruari zein eserleku kopuruari dagokionez. Menpekoa izango ez den prozesu konstituziogile bat zabaltzearen alde dago gehiengo hori".

Hori horrela, "errepublika formako estatu independente katalan bat sortzeko prozesuaren hasiera" aldarrikatu du adierazpenak. Prozesua, bi alderdiek adostutakoari jarraiki, "herritarra, parte-hartzailea, irekia, integratzailea eta aktiboa" izango da eta "Kataluniaren etorkizuneko Konstituzioaren oinarriak" ezarriko ditu.

CUPek proposatzen zuen "desobedientzia" hitza saihestu dute idatzian, baina argi utzi du Kataluniako Parlamentua, "duen botere konstituziogilearen eta subiranotasunaren gordailu" den aldetik, eta prozesua bera ezin direla "Espainiako Estatuaren erakundeek, batez ere Auzitegi Konstituzionalak, hartutako erabakien menpe egon". Bi alderdion ustez, epaitegi hori "deslegitimatuta eta eskuduntza gabe dago".

Legitimitate falta hori 2010ean Kataluniako Autonomia Estatutuari buruz emandako epai baten ondorio dela azpimarratu dute Junts Pel Sik eta CUPek.

Harago ere jo du adierazpenak, eta oraindik eratzeke dagoen gobernuari Parlamentuak "emandako arau eta aginduak bakarrik" betetzeko deia egin dio, "Espainiako Estatuaren erakundeek hartutako erabakietatik babesteko".

Amaitzeko, "Espainiako Estatuarekiko deskonexio demokratiko, masibo, iraunkor eta baketsua" egiteko prozesua abiatzeko neurriak hartzeko eskaria egin dute independentziaren aldeko bi alderdiek.

Rajoy: "Tresna politiko eta juridiko guztiak abian jarriko ditugu"

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ohartarazi du Espainiaren subiranotasuna eta batasuna defendatzeko "tresna politiko eta juridiko" guztiak martxan jarriko dituztela, Junts pel Si eta CUP alderdiek gaur Kataluniako Parlamentuan onartutako proposamena aurrera aterako balitz.

Rajoyk, urgentziazko "probokaziotzat" jo du Junts pel Sik eta CUPek aurkeztutako testua. Dena dela, "lasaitasunerako" mezua igorri du, proposamenaren "helburu bakar bat ere aurrera ez dela aterako" esanaz.

Gobernuko presidente den artean, Espainiak bere batasunari eutsiko diola eta "herritar askez osatutako nazioa" izaten jarraituko duela agindu du. "Zentzugabekerien gainetik" justizia gailenduko dela nabarmendu du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak errespetua eskatu du Kataluniako erakundeek har ditzaketen erabakien aurrean, “zilegitasun demokratikoa dutelako”.

Gainera, Josu Erkorekak azpimarratu du “Kataluniako gizartearen gehiengoaren borondatearen” erakusgarria dela Kataluniako Parlamentu berria eta, beraz, errespetua galdegin du.

Rebeka Ubera EH Bilduko bozeramaileak adierazi du, “euskal gizarteari argi hitz egiteko eta indar soberanistak biltzeko eta akordioetara heltzeko unea iritsi dela, aldebakarretasunetik abiatuta Euskal Herriak bere erabaki propioak har ditzan”.

Junts pel Si eta CUPen arteko akordioa “albiste garrantzitsua” dela esan du. “Katalunian egiten ari den prozesu demokratikoaren ateak parez pare ireki dituzte; hauteskundeetan jasotako mandatuari kasu eginez, Kataluniako Estatu errepublikarra eraikitzeko urrats handia eman dute”, erantsi du.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, berriz, Kataluniako “sezesionismoa” legearen eta politikaren “indarra” erabilita gainditzeko deia egin du.

Sanchez Eibarren izan da, hauteskunde ekitaldi batean, eta bertan egin ditu adierazpenok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Artur Mas albisteak