Politika -

15 miaketa

Pujol sendiaren aurkako makro-operazioa egin dute, ustelkeria egotzita

200 agentek Kataluniako presidente ohiaren hiru semeen (Jordi, Pere eta Josep) etxebizitza eta enpresak miatu dituzte. Pere eta Josep inputatuta daude, dirua zuritzea leporatuta.

Agenteak Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren etxe atarian. EFE
200 bat polizia, Pujoldarren etxeak eta enpresak miatzen

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pujol sendiak dituen etxebizitza eta enpresa batzuk miatu ditu Espainiako Poliziak asteartean, Poliziaren iturriek jakinarazi dutenez. Operazio zabala izan da, eta 200 agente aritu baitira 15 miaketa egiten. Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren zazpi seme-alabetako hiruren (Jordi, Pere eta Josep) enpresa sarearen kontrakoa da, iturri horien arabera.

Jordi Pujol eta Marta Ferrusolaren etxebizitzan, hiru semeen etxeetan eta enpresetan sartu dira agenteak. Epaileak dirua zuritzearen delituagatik Pere eta Josep anaiak inputatu ditu, Jordi seme nagusiak ustez modu irregularrean irabazitakoak kudeatzen lagundu dutelakoan.

Generalitateko presidente ohiaren etxearen miaketari dagokionez, logela batera mugatu da. Jordi Pujol Ferrusolak ebakuntza eduki berri du, eta gurasoenean dago; horrek erabiltzen duen logela besterik ez dute miatu.

15 miaketa

Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzenduta, Espainiako Polizia Nazionaleko Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskaleko Unitateak abiatu du operazioa. 15 miaketa egin dituzte aldi berean: 13, Bartzelonan, eta bi, Madrilen.

Espainiako hiriburuan, Isolux enpresaren egoitzan eta Luis del Sol enpresaburuaren etxean sartu dira. Bartzelonan, Carles Villarrubi Bartzelona Futbol Taldeko presidenteorde eta enpresaburuaren etxean ere izan dira agenteak. Jordi Pujol Ferrusolaren izenean dauden bi industria pabiloi eta Merce Girones emazte ohiaren etxeak ere miatu dituzte.

Horiez gain, Bartzelonako Ganduxer kaleko 5. zenbakian dagoen bulego bat arakatzen aritu dira agenteak. Iniciatives, Marketing e Inversions, Project Marketing Cat eta Active Translation. Ikerketaren arabera, Jordi Pujol Ferrusolak modu irregularrean jasotzen omen zituen funtsak ezkutatzeko erabiltzen zituen enpresok.

Pere Pujolen etxean 96.000 euro topatu dituzte agenteek. Gainerako miaketetan dirutza (ez horrenbestekoa, dena den) eta dokumentazio ugari aurkitu du Poliziak.

Miaketak 21:00ak pasata eman dituzte bukatutzat.

Jordi Pujol Ferrusola miaketak registros operación policial. EFE

Jordi semeak Kataluniako presidente ohiaren etxean erabiltzen duen logela miatu dute agenteek. Argazkia: EFE

Atxiloketarik, ez

Ikerketaren arduradunen hitzetan, gaur ez dute atxiloketarik egin, ustelkeria politikoarekin lotutako delituak inputatzeko frogak biltzea izan baita operazioaren helburua. Hala, dirua zuritzea, delitu fiskala, iruzurra eta Estatuaren ondarearen kontrako delitua leporatu diete akusatuei.

Andorrako agintariei eskatutako erreguzko eskaera jaso berri du Espainiako Poliziak, eta bertan zegoen informazio zabalari esker abiatu dute gaurko operazioa.

Hiru urteko ikerketa

Auzitegi Nazionaleko epaileak 2012an abiatu zuen Jordi Pujol Ferrusolaren ondasunen inguruko ikerketa, haren emazte ohiak jarritako salaketa bati tiraka.

Enpresaburu batzuek egin ez omen ziren lanengatik Jordi Pujolen seme nagusiari emandako dirutzak aztertzen ari da epailea. Ikerketaren arabera, esleitutako lan publikoengatik Pujol familiak eskuratutako legez kanpoko komisioak egon daitezke horren guztiaren atzean.

Beste auzi bat ere badago Pujol sendiarekin lotuta; familiak Andorran ezkutatuta izan zuen diruaren jatorria ikertzeko Bartzelonako epaile batek 2014an abiatutakoa, alegia. Kataluniako presidente ohiak urte bereko uztailean aitortu zuenez, aitak herentzian utzitako dirutza izan zuen bertan gordeta 30 urtez.

Kataluniako auzi hori De la Mataren esku beharko lukeela uste du Fiskaltzak, Pujolen seme nagusiak familiaren "negozio ekonomiko" ugari kudeatu baitzituen "hainbat hamarkadatan". Horrez gain, Fiskaltzaren arabera, "jasotako dirutza zuritzeko hainbat jarduera ere argitu behar dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Pujol auzia