Politika -

Katalunia

Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko presidente berria

ANCko presidente ohiak Junts Pel Siren, CUPen eta Catalunya Si Que Es Pot taldearen bost parlamentariren aldeko botoak jaso ditu.

Forcadell, Masekin batera gaurko saioan. EFE
Forcadell, Parlamentuko presidente, 77 botorekin

1:28

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Forcadell, Junts Pel Si hautagaitzaren bigarrena, aukeratu dute Kataluniako Parlamentuko presidente berria, 77 aldeko botorekin (ganberaren % 57). Junts Pel Siren eta CUPen parlamentari guztien aldeko botoez gain, Catalunya Si que es Pot taldearen bost ordezkariren babesa ere jaso du Forcadellek.

CUPen eta Junts Pel Siren ordezkariak 72 dira Parlamentuan. Gainerako bost botoak Catalunya Si que es Pot (CSQP) taldearenak dira. Argudiatu dutenez, "aukera bat" eman nahi diote ANCko presidente ohiari, "katalan guztien presidente izan dadin". Gainerakoan, 57 boto zuri eta baliogabe bat izan dira sekretua izan den bozketan.

Bozketaren emaitza ezagutzean, PPC ez beste taldeetako ordezkariak zutunik jarri dira eta Ciutadansekoak kenduta, txalo artean hartu dute presidente berria.

Nuria de Gispertek (Junts Pel Si) utzitako lekua beteko du, horrenbestez, Forcadellek. De Gispertek esana zuen politikagintzaren lehen lerroa utziko zuela, eta hauteskundeen zerrendan postu sinbolikoan aurkeztu zen.

Carme Forcadell Junts Pel Si presidenta Parlament. Cataluña. Katalunia. EFE

Txalo artean hartu dute presidente berria. Argazkia: EFE

Lehen inbestidura saioa, azaroaren 9an, gehienez jota

Ganbera osatuta, talde parlamentario eta alderdietako ordezkariak deitu beharko ditu Forcadellek, Gobernua zuzentzeko hautagaiak lortze aldera.

Lehen inbestidura saioa 10 lanegunen epean egin beharko da. Hala, asko jota, azaroaren 9an, Kataluniako prozesu parte-hartzailearen urtemugan, egingo dute eztabaida.

Azaroaren 9an egiten bada, bi hilabete dituzte taldeek presidentea izendatzeko. Junts Pel Siren eta CUPen artean akordiorik ez balego, 2016ko urtarrilaren 9an hauteskunde berriak egiteko prozesua abiatu beharko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur