Politika -

Generalitatea

Astelehenean osatuko dute Kataluniako Parlamentua

Artur Mas jardueneko presidenteak Junts Pel Siren eta CUPen arteko "negoziazio zailei" egotzi dio saioa astelehenera atzeratzea.

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea dekreetua sinatzen. Argazkia: EiTB
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea dekretua sinatzen: EiTB
Parlamentua eratzeko dekretua sinatu du Artur Masek

0:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 27ko hauteskundeen ostean, Kataluniako Parlamentua osatzeko dekretua sinatu du gaur Artur Mas Generalitatearen jarduneko presidenteak, XI. Legealdiari hasiera emateko. Hala, urriaren 26an, astelehenez, osatuko dute ganbera, Legeak aurreikusitako azken egunean eta CUPek CDCko buruzagia babestuko ote duen zalantzarekin.

Egun zaila izan da gaurkoa Masentzat, Guardia Zibila CDC alderdiak Bartzelonan duen egoitza miatzen ari baita, ustelkeriarekin lotuta.

Dekretua sinatu ondoren agerraldia egin du Masek. Azaldu duenez, Junts Pel Siren eta CUPen arteko "negoziazio zailak" direla eta, Legeak ezarritako azken egunera arte atzeratu dute ganberaren osaketa.

Masen hitzetan, "negoziazioek denbora eta pazientzia behar dute denon partetik, ondo bukatzea nahi bada behintzat".

Forcadell, presidente

Urriak 26a ganbera osatzeko azken eguna da, Legearen arabera (20 egun baliodun hauteskundeen ostean). Ondoren, lehen inbestidura eztabaidarako hamar egun balioduneko epea izango dute.

Carme Forcadell (Junts pel Si) Parlamentuko presidente berria izango dela ematen du. Honenbestez, aurreneko inbestidura saioa deitzeko erantzukizuna berak izango du: epea agortzeko erabakia hartuz gero, azaroaren 9an izango da, kontsultaren lehen urteurrenean.

Urtarrilak 9

Lehen inbestidura saioa egin eta gero, presidente berria aukeratzeko bi hilabeteko epea izango dute. Ondorioz, Junts pel Sik urtarrilaren 9ra arte izango du CUP konbentzitzeko. Presidentea izendatzeko gehiengo nahikorik ez badago, udaberrian berriro hauteskundeak deitu beharko lituzkete.

Presidentea aukeratzeko eta Gobernu berria osatzeko, Junts pel Siren eta CUPen arteko akordio batera heltzeko ?zailtasunak? daudela onartu du Neus Munte Generalitateko jarduneko presidenteordeak, baina azkenean adostasuna lortuko dutela uste du.

Alderdi bakoitzaren ordezkaritza kontuan hartuta, Parlamentuko Mahaiak gehiengo independentista izango du: Junts pel Siko lau kide, Ciutadanseko bat, PSCko bat eta SiQueEsPoteko beste bat.

PPE, independentziaren aurka

Bestalde, Europako Alderdi Popularraren (PPE) Kongresua hartuko du gaur Madrilek. Europar Batasuneko (EB) 14 estatuburuk eta gobernuburuk parte hartuko dute zentro-eskuineko alderdien bileran.

Besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Katalunia independente bat EBtik at uzteko konpromiso bat sinatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Artur Mas albisteak