Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Askapenako kideak: 'Ez dugu inongo harremanik ETArekin'

Aritz Gamboak eta David Sotok nabarmendu dutenez, elkartasun internazionalista du lege Askapenaren lanak.

Askapenak ETA gaitzetsi zuen erantzutea sahiestu du Ganboak

1:54

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Askapeneko bost kideen kontrako epaiketaren bigarren eguna izan da gaurkoa Auzitegi Nazionalean. Walter Wendelinek, Gabi Basañezek eta Unai Vazquezek atzo deklaratu zuten; gaur Aritz Gamboa eta David Sotoren txanda izan da. Biek ala biek ETAri lagundu izana ukatu dute eta euren lana elkartasun internazionalista lantzea izan dela nabarmendu.

Askapeneko bost kide hauek 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, ETAri laguntzea egotzita. Fiskalak seina urteko kartzela zigorra eskatu du.

Javier Martinez Lazaro epaimahaiko presidenteak behin eta berriz galdetu dio Aritz Gamboari ETArekin ustez zituen harremanengatik eta erakunde armatuaren atentatuak gaitzesteko eskatu dio. Auzipetuak nabarmendu duenez, Askapenak "ez dio inoiz ETAri lagundu" eta ez du sekula haren agindurik jaso edo jarraitu. Are, haren hitzetan, ez dago ETAren eta Askapenaren arteko harremanik.

Amaia Izko defentsako abokatuaren galderei erantzunda, Askapenaren "jarrera ideologikoa edo proiektu politikoa" ezker abertzalearen gertukoa dela aitortu du, baina horrek ez du esan nahi ETA "justifikatu ed babesten" duenik.

David Sotok ere antzeko argudioak erabili ditu bere deklarazioan. Adierazi duenez, ETAk, Batasunak eta EKINek "ez diote Askapenari ez agindurik ezta babesik ere eman". "Ez dugu erakunde armatuaren jardunarekin inongo zerikusirik. Askapenak ez du inongo harremanik ETArekin, ezta nik ere", erantsi du.

Aitortu duenez, Askapenak talde eta erakunde "askorekin" bildu da urte hauetan, tartean Batasunarekin eta Segirekin, bai erakunde guztiak "autonomoak" direla zehaztu du.  Sotoren esanetan,  "balio internazionalistak, feministak eta ekologistak dituen Euskal Herria independente eta sozialista bat nahi dugu denok, horretan bat egiten dugu".

Kontatu duenez, 1997an sartu zen Askapenan, Nikaraguako iraultza sandinistak "erakarrita". Izan ere, haren hitzetan, iraultza hura "herri mugimenduaren defentsan mugarri izan zen eta belaunaldi oso bat markatu zuen". Soto 2007ra arte egon zen Askapenan, argitu duenez.

Aitor Merino aktore eta zuzendariaren babesa

Aitor Merino Asier eta biok filmaren zuzendari eta protagonista Auzitegi Nazionalean izan da gaur, Askapenari eta auzipetuei "babesa eta elkartasuna" agertzeko.

Auzitegiaren atarian adierazi duenez, epaiketa hau "politikoa da eta asko du antzerkitik". Merinoren hitzetan, "Amaiera idatzita dauka epaiketak eta taularatzen ari dena fartsa bat da".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak