Politika -
Manifestazioa Donostian
Ahal Duguren 25 kargu Otegi askatzea eskatzeko martxan izango dira
Manifestazioan parte hartuko duten Podemoseko kideek azpimarratu dute 'bidegabekeria baten eta eskubide urraketa baten' aurkako mobilizazioa dela, eta, beraz, bertan izango direla.
agentziak | erredakzioa
Ahal Duguren 25 kargu publikok, tartean Nafarroako hiru parlamentarik eta EAEko diputazioetako eta udaletxeetako 22 ordezkarik, Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko gaur Donostian egingo den manifestazioan izango dira, "bidegabekeria bat eta eskubide urraketak" salatzeko mobilizazioa delako.
Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Donostiako Bulebarretik "Arnaldo askatu, politika askatu" lelopean.
Duela egun batzuk Roberto Uriarte Ahal Duguk Euskal Autonomia Erkidegoan duen idazkari nagusiak adierazi zuen bere alderdiak ez zuela manifestazioan parte hartuko, deialdiarekin bat ez zetorrelako. Uriarteren esanetan, 'Bateragune auzi'ko auzipetuak "bakearen heroi gisa" agertzen dira deialdian.
Horren ondotik, Ahal Duguren 25 kargu publikok manifestua argitaratu dute, manifestazioan izango direla jakinarazteko. Besteak beste, Laura Perez, Carlos Couso eta Mikel Buil Nafarroako parlamentariak eta Neskutz Rodriguez eta Koldo Martin Bizkaiko eta Arabako aldundietako batzarkideak joango dira Donostiako martxara.
"Giza Eskubideen defentsan, gu Donostian izango gara. Otegi askatu!" izenburupean argitaratutako testuan, sinatzaileek diote "Euskal Herrian aro politiko berri bat ezartzeko ekimen guztiak ongietorriak dira eta hori Podemos Ahal Duguko gehiengoak konpartitzen du".
Gauzak horrela, Roberto Uriartek esan du ez duela bere burua "ezeztatuta" ikusten, aipatu karguek manifestaziora joateko erabakia hartu dutelako. "Ez dago inolako arazorik alderdiko kideak euren izenean mobilizaziora badoaz", erantsi du.
Asko dira azken egunotan beraien askatasuna eskatu duten erakunde eta norbanakoak. Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragileez gain, Europako 24 europarlamentarikere bat egin dute Otegi eta Diez askatzeko eskaerarekin.