Politika -

Quirogak dimisioa eman du

PPk bihar aukeratuko du presidente berria

Alderdian uste dute Arabako PPk hartuko duela agintea, baina ezin dira baztertu beste hainbat aukera, hala nola Borja Semper edo Nerea Llanos.

Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohia. EiTB
Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohia. EiTB
Arantza Quiroga EAEko PPko presidente ohia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren EAEko Zuzendaritza Batzordeak bihar erabakiko du nor izango den Arantza Quirogaren presidente kargua hartuko duena, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez.

Alderditik azaldu dutenez, Presidentetza ezin da hutsik egon. Horrenbestez, "azkar" mugitu behar dira.

Euskadiko PPko hiru probintzietako presidenteak eta idazkari nagusia ostegunean bilduko dira Gasteizen, Arantza Quirogaren ordezkoa aukeratzeko. Zita horretan probintzietako hiru presidenteak -Alfonso Alonso Arabakoa, Anton Damborenea Bizkaikoa, eta Borja Semper Gipuzkoakoa- eta Nerea Llanos alderdiko idazkari nagusia izango dira, baina probintzietako idazkari nagusiak ere egon daitezke. Dirudienez, bilera horretan adostasuna balego, proposamenen bat lotuko litzateke. Gaia "ahalik eta arinen" itxi behar dela uste dute guztiek.

Modu horretan, EAEko PPk zuzendaritza osoa izango luke abenduaren 20ko hauteskunde orokorrei heltzeko. Ondoren, 2016ko lehen hiruhilekoan ezohiko Biltzarra dei lezakete, izendapena berresteko edo beste presidente bat izendatzeko (oraingoa behin-behinekoa bada).

Prozedura bizkor hau 2013an ere erabili zuten, Antonio Basagoitik politika utzi zuenean. Quiroga bera izendatu zuten orduan, eta prozesua "zilegia" izan zela adierazi zuen.

Balizko hautagaiak

Arantza Quirogaren ordezkoa izateko balizko hautagaien artean, litekeena da Arabako PPk hartzea EAEko PPren Presidentetza. Hori dela eta, lau izen daude mahai gainean: Alfonso Alonso Osasun ministroa, Javier Maroto Gasteizko alkate ohia, Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusi ohia eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohia. Nolanahi ere, Alonsok eta Marotok kargu garrantzitsuak dituzte egun Espainiako PPn, eta zaila dirudi EAEko politikagintzara itzultzea une honetan.

Izen horiez aparte, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentea eta Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusia ere aipatu daitezke.

Alonso kenduta, gainerakoak Gasteizko Legebiltzarrean daude, eta alderdiaren buruzagitzaren inguruan akordio batera iritsiko direla espero da.

Ziurrenik, Alonso gaur bertan joango da Arabako hiriburura elkarrizketa horietan parte hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Arantza Quiroga bideoak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak