Politika -
Madril
Urtebeteko kartzela zigorra emakume bati, Facebooken ETA goratzeagatik
Akusatuak onartu egin du zigorra, eskaera 20 hilabetetik 12ra jaitsi ondoren.
agentziak | erredakzioa
Emakume batek urtebeteko kartzela-zigorra jaso du Facebooken ETA goratzea leporatuta. Akusatuak onartu egin ditu leporatzen dioten delitua eta jarri dioten zigorra.
San Fernando de Henareseko Auzitegi Nazionalaren egoitzan egin duten auzi saioan, fiskalak 20 hilabetetik 12 hilabetera jaitsi du zigor eskaera, akusatuak terrorismoa goratu izana onartu duelako.
Fiskalaren arabera, akusatuak mezuak zabaldu zituen Facebookeko kontuan ETA, ETAren ekintzak eta talde armatuko kideak goratzeko helburuarekin.
Leporatzen dizkioten argitalpen larrienen artean hauek daude: suge batek inguratzen duen aizkora bat, ETAren anagrama irudikatuz; eta "Itzul dadila GRAPO, fatxak garbitu behar ditugu eta" zihoen pankarta baten irudia, iruzkin honekin: "Niregatik, ETA ere bai. Bestela jokatuko lukete lapur eta fatxa hiltzaile horiek!".