Politika -
Bateragune auzia
Zabaleta,Jacinto eta Rodriguez aske geratu dira, zigorra osorik beteta
Sei urteko kartzela zigorra osorik bete ondoren atera dira kartzelatik. Bateragune auzian zigortutako beste bi lagunek, Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek, berriz, espetxean jarraituko dute.
O.A. | EITB.EUS
Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez gaur goizean atera dira espetxetik epaileak ezarritako 6 urteko kartzela zigorra osorik bete ostean.
Jacinto 08:45ean atera da Madrilgo Estremera kartzelatik. Espetxearen kanpoaldean zain zituen 20 pertsona inguru, tartean senide eta lagunak, eta Euskal Herrirako bidea hartu du.
09:15ean atera da, bestalde, Miren Zabaleta Valladolideko kartzelatik. Irteeran 25 lagun inguru zituen zain eta Euskal Herrira abiatu da.
Arkaitz Rodriguez izan da hiruretan libre gelditzen azkena; izan ere, 09:30 inguruan utzi du Logroñoko kartzela. Espetxetik atera berritan EiTBrekin hitz egin du Arkaitz Rodriguezek eta azpimarratu du euskal gizartearen zati handi batentzat egun pozgarria dela. Bestalde, haren hitzetan albiste txarra da estatu espainolarentzat: "Bakerik nahi ez duen estatu bat delako, horregatik kartzelatu gintuen duela 6 urte, ezker abertzaleak martxan jarritako bake apustua galarazten saiatzeko. Orduan ez zuen lortu eta 6 urte geroago indar eta determinazio berdinarekin aldarrikatzen dugu ez duela lortuko".
Etxera iritsitakoan harrerak egin dizkiete bakoitzaren herrietan. Arkaitz Rodriguezi eguerdian egin diote, Donostian, Altza auzoan. Arratsaldean, Sonia Jazintori txanda izan da, Errenterian. Azkenik, ilunabarrean, Miren Zabaletari egokitu zaio ongietorri ekitaldia, Iruñean, Iturraman auzoan. Senide eta lagunak zituzten zain.
Bestalde, balorazio gazi-gozoa egin du Jone Goirizelaiak, batzuk kalera atera diren bitartean beste batzuek kartzelan jarraitzen dutelako. Gainera, nabarmendu du, Arkaitz Rodriguezek esan bezala, zabaldutako bidea ongi zegoela eta hori dela benetan "Euskal Herriaren independentziara eta askatasunera eramango gaituena".
Beraz, Bateragune auzian zigortutako bost lagunetatik aske gelditu dira 6 urteko kartzela zigorra osorik bete ondoren, eta harrera ekitaldiak egingo dizkiete arratsaldean Iruñean eta Errenterian. Iruñean Iturrama auzoko Ezpala tabernan harrera ekitaldia egingo diete Miren Zabaletari arratsaldeko zazpietan hasita eta, ordubete lehenago, Errenterian Sonia Jacintoren aldeko ekitaldia egingo dute Xenpelar plazan.
Miren Zabaletarekin, Sonia Jacintorekin eta Arkaitz Rodriguezekin batera zigortu zituzten Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiaga ere.
2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta Donostian eta Iruñean egindako polizia operazio batean, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Polizia operazio berean atxilotu zituzten Rufi Etxeberria, Ainara Oiz, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Sierra ere, baina Etxeberria eta Oiz aske gelditu ziren epailearen aurrean deklaratu ostean.
Otegi, Diez, Rodriguez, Jacinto eta Zabaleta 2009ko urriaren 16an sartu zituzten espetxean, eta Etxeberria, Oiz, Esnal, Moreno eta Serra, ostera, aske gelditu ziren; Moreno, Serra eta Esnal 10.000 euroko bermea ordaindu eta gero geratu ziren aske.
Epaiketan, Batasuna berriz osatzea eta ETAk aginduta "aliantza independentista" bat eratzen saiatzea leporatu zieten. Hori dela eta, erakunde terroristako kide izatea egotzi zieten. Auzitegi Nazionalak 10 urteko kartzela zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi. Halaber, epaimahaiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zien Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori. Aldi berean, absolbitu egin zituen Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra auziperatuak. Rufi Etxeberriak eta Ainara Oizek, bestalde, lekuko gisa deklaratu zuten epaiketan.
Auzitegi Nazionalak 8 urteko kartzela zigorra ezarri zien Zabaletari, Jacintori eta Rodriguezi eta 10 urtekoa, ostera, Otegiri eta Diezi. Dena den, Auzitegi Gorenak zigorrak jaitsi zizkien denei, eta lehendabiziko hirurei sei urteko kartzela zigorra eta gainerako biei sei urte eta erdiko kartzelaldia ezarri zien.
Gaurko askapenen ondotik, oraindik preso jarraitzen dute Bateragune auzian zigortutako bost lagunetatik bik. Arnaldo Otegi, ziurrenera, 2016ko apirilean geldituko da aske eta Rafa Diezek, berriz, 2017ko abuztura edo irailera arte jarraitu beharko du preso, egoera pertsonal-familiarra tarteko besteek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin dituelako kartzelan.
Otegi eta Diez askatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute urriaren 17rako Donostian
"Arnaldo askatu" plataformak eta "Free Otegi, Free Them all" ekinbideak deituta, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez askatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute datorren urriaren 17rako Donostian. Datorren larunbateko manifestazioa 17:30ean abiatuko da Boulevardetik "Arnaldo askatu, politika askatu" lelopean eta, Donostiako kaleak zeharkatu ondoren, hasierako puntuko toki berean amaituko da.
Angel Ugarteburu "Arnaldo askatu, politika askatu" ekimenaren bozeramaileak azpimarratu duenez, irabazi egin dute, haren esanetan, agerian utzi dutelako bakerik nahi ez duen Estatuaren miseria. "Dirudienez, porrota izan da gure ahaleginaren ondorioa ez ditugulako kartzelatik atera, baina ez da horrela. Nabarmen gelditu da Estatuaren noraeza; izan ere, bakeari bide eman beharrean gerran eta konfrontazioan aurkitu nahi du bazka. Ez dirudi bakebidean ibiltzen ikasi nahi duenik", azpimarratu du. "Porrota ez, beraz, arrakasta izan da", gaineratu du.
Bestalde, datorren larunbateko manifestazio deialdiarekin bat egin dute Sortu, Alternatiba, Aralar, EA, BNG eta CUP alderdiek eta ELA eta LAB sindikatuek. Gainera, Jesus Eguiguren sozialistak eta Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko kideak ere manifestazioa babestu dute.
Arnaldo Otegik eskutitza bidali du Logroñoko espetxetik eta datorren larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, Berria egunkariak berri eman duenez.
Larunbateko "Arnaldo askatu, politika askatu" manifestazioan parte hartuta, Sonia Jacintori, Miren Zabaletari eta Arkaitz Rodriguezi "merezi duten bezala" eskerrak emateko eskatu du eta "Euskal Herrira bake puska bat" eramateko "ezinbestekoak" izango direla gaineratu du.
Edozein kasutan, Otegik azpimarratu du benetako omenaldia iritsiko dela "kartzeletako herrikide guztiak" aske gelditzen direnean eta gizakien beharren araberako gizarte bat eraikitzen denean. "Gure mendeku bakarra gure seme-alaben irribarrea izango da Euskal Herria libre batean", amaitu du.