Politika -

EAE-ko kontzertu ekonomikoa

Sanchezek amaiera eman dio eztabaidari: 'PSOE eroso dago Kupoarekin'

PSOEko bururuaren esanetan, finantziazio eredu autonomikoa "gaurkotzea" da "benetako eztabaida".

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. EiTB
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. EiTB
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak adierazi duenez, "sozialistak oso eroso gaude EAEko Kontzertu Ekonomikoarekin eta Kupoarekin". Horren ildotik, "benetako eztabaida" finantziazio eredu autonomikoa "gaurkotzea" dela esan dio Espainiako Gobernuari.

"PSOEk idatzita du hori guztia. 2013ko uztailaren 6an, adierazpen bat onartu genuen gure eredu konstituzionala zein den zehazteko, eta horretan aitortu genuen bi gauza ez daudela zalantzan: Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa", nabarmendu du.

Langreon (Asturias) kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, "PSOEren jarrera argia" dela esan du Sanchezek.

Horrela, amaitutzat eman nahi izan du gai honi buruz alderdi sozialistaren barruan azken egunetan piztutako polemika. Izan ere, joan den astean, Sanchezek berak Kupoa "gaurkotu" behar dela esan zuen, horren "mamia" zalantzan jarri nahi ez duela argitu bazuen ere.

Eskaera horrekin bat egin zuen ondoren Susana Diaz Andaluziako presidenteak, eta Kupoa "erreformatzea" eskatu zuen, "Kontzertua ukitu barik", "espainiar guztien arteko berdintasuna sustatzeko eta lurralde batzuek pribilejioak izatea galarazteko".

Hitz horiek hautsak harrotu zituen PSEn, eta Idoia Mendia idazkari nagusiak ohartarazi behar izan zuen Kontzertua ez dela "pribilejioa", Euskadik ez baitu dirurik jasotzen Estatutik, baizik eta dirua ematen diola Estatuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista Pedro Sánchez argazkiak PSE-EE albisteak Albisteak