Politika -

Iruñea

Ezeztatu egin dute biktimen erakusketa ukatzeko Udalaren erabakia

Epaileak baztertu egin du Polizia Nazionalak terrorismoaren biktimei buruz Iruñeko Ziudadelan egin nahi zuen erakusketa ukatzeko Udalak hartutako erabakia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiko titularrak onartu egin du Nafarroako Gobernuko Ordezkaritzak aurkeztutako helegitea. Ondorioz, bertan behera utzi du urriaren 19tik azaroaren 2ra Iruñeko Ziudadelan (Arma Aretoa) egitea aurreikusita zegoen terrorismoaren biktimei buruzko erakusketa ukatzeko Iruñeko Udalak hartutako erabakia.

Erabilitako arrazoibideen artean, bere ondasunak interes publikoa kontuan hartuta erabiltzea lehenesten zuela esan zuen Udalak, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ez zuela hori egiten, kasu horretan ez omen delako gauzatzen ari Estatuak segurtasun eta ordena publikoa gordetzeko duen eskumena.

Bere aldetik, epaileak adierazi du ez dela ordena publikoaren gaineko arrazoirik eman, adibidez, data horietan Arma Aretoa beste gauza garrantzitsuago baterako erabiltzeko asmoa erakutsiz. Horrela izanez gero, "bai justifika liteke aretoa uzteko aurretiaz adostutakoa ukatzea".

Horrez gain, azpimarratu duenez, "konpontzeko zailak diren kalteak azaltzen dira", erakusketak beste hitzordu batzuk baititu beste hiri batzuetan; hortaz, hasiera batean baimendu ziren datetan egiten ez bada, baliteke errepikatzeko aukerarik ez izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko albisteak Gaurko azken ordukoa