Politika -

Autoa

Ertzaintzaren 25. promozioa bertan behera uztea baztertu du Auzitegiak

Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren kontra, eta kautelazko neurriak eskatu zituen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak Ertzaintzaren 25. promozioa behin-behinean bertan behera uztea baztertu du, eta agenteei euren formazioarekin jarraitzeko aukera eman die, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen irailean Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren kontra, eta hura behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zuen. Auzitegiak, baina, baztertu egin du aukera hori, eta, hala, 25. promozioko 250 agenteek Arkautin formazioa jaso ahalko dute urtea amaitu baino lehen.

Asteazken honetan EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak kaleratu duen auto batean azaldu duenez, Estatuko Administrazioak Euskadiren eskuduntzen inguruan egindako interpretazioa auzitan jartzeagatik ez dago "atzeraezina den kalte instituzionalik". Hori da, hain justu, Abokatutzak argudiatutakoa.

Auzitegiaren arabera, "Kontzertu Ekonomikoaren Segurtasun Batzordean eta Batzorde Mistoan Estatuko eta EAEko ordezkariak daude", eta batzordeetan ezartzen dute lan-eskaintza publikoetan atera beharreko plaza kopurua.

Promozioa bertan behera uzteak oposiziogileei eragingo liekeen kaltea ere azpimarratu du Auzitegiak, eta "lan-eskaintza publikoaren inguruko erabakia (trebakuntza) epe horretan" hartuko duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza