Politika -

Kupoari buruzko polemika

Urkullu: 'Ez dugu Kontzertuaren aldebakarreko aldaketarik onartuko'

Lehendakariaren hitzetan, finantza sistema hori "historikoa, legezkoa, eraginkorra eta adostutakoa" da, eta moldatzea "lerro gorri guztiak gainditzea da".

'Ez dugu Kontzertuaren aldebakarreko aldaketarik onartuko'

0:50

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn duela 30 urte pasatxo indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoaren defentsa sutsua egin eta haren "aldebakarreko aldaketarik" ez dutela onartuko ohartarazi du lehendakariak. Urkulluk salatu duenez, Kontzertua bera eta horren baitan dagoen Kupoa zalantzan jartzeko "kanpaina instituzional eta politikoa" abiatu dute.

Gasteizen egin ditu adierazpenok lehendakariak, Euskal Gizataldeen VI. Mundu Batzarrean.

Kupoa "moldatu" behar dela defendatu dute egunotan PSOEko buruzagi batzuek. Aurrena, Pedro Sanchez idazkari nagusia izan zen, eta gerora, Susana Diaz Andaluziako presidentea. Diazen hitzetan, sistemak "desoreka" sortzen du erkidegoen artean. Hitzok haserrea eragin dute Euskadin, eta ia alderdi guztietako ordezkariak EAEko finantza sistema berezkoaren defentsan atera dira.

"Kontzertu Ekonomikoaren ezein aldebakarreko aldaketa lerro gorri guztiak gainditzea da eta ez dugu onartuko", ohartarazi du gaur Urkulluk.

Lehendakariaren hitzetan, EAEn indarrean dagoen sistema "historikoa, legezkoa, solidarioa, eraginkorra eta adostutakoa" da, eta "hiru foru lurraldeek zuten boterearen erakuslea da". Hala, Urkulluk salatu egin du hainbat buruzagi politikok haren kontra egindako "erasoa".

"Historia luzea duen herria gara, kultura propioduna eta autogobernurako borondate argia duena", esan du lehendakariak bere agerraldian, eta Kontzertu Ekonomikoa autogobernuaren "muina" dela azpimarratu du.

Azken egunotan, asko izan dira Kontzertu Ekonomikoaren defentsan jardun duten Jaurlaritzako ordezkariak. Josu Erkoreka bozeramaileak atzo gogorarazi zuenez, Auzitegi Konstituzionalaren "babesa" ere badu Kontzertuak. Iñigo Urkullu lehendakariak ere, Kupoaren eta Kontzertuaren inguruko gogoeta egin berri du Facebook eta Twitter sare sozialetan:

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Kontzertu Ekonomikoa