Politika -
Polizia operazioa
Egoitz Urrutikoetxea, 'Josu Ternera'ren semea, atxilotu egin dute
Polizia operazio berean beste bi pertsona ere atxilotu dituzte, baina oraingoz ez dute zehaztu nortzuk diren.
eitb.eus
Egoitz Urrutikoetxea, Josu Urrutikoetxea Josu Ternera ETAko kide historikoaren semea, atxilotu egin dute gaur Parisen, Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Operazioa Frantziako eta Espainiako poliziek gauzatu dute, eta, horretan, beste bi pertsona atzeman dituzte, Europa Press agentziak jakinarazi duenez, baina oraindik ez dute zehaztu nortzuk diren ezta zer egozten dieten ere.
Ez dago argi zein zen Egoitz Urrutikoetxeak egun ETAn zuen zeregina. Ministerioaren arabera, erakunde armatuko "talde politikoaren arduradun garrantzitsuetako bat" zen, baina SER irrati kateak zabaldu du "guztiz aldenduta" zegoela ETAtik, eta, are gehiago, Parisko Unibertsitatean ikasten ari zela.
Atxiloketa Saint Deniseko etxebizitza batean egin dute, Frantziako hiriburuaren kanpoaldean. Egoitz Urrutikoetxeak duela urtebete ezarri zuen bertan bizitokia.
Justiziak bi atxilotze agindu eman zituen horren aurka, 2007an eta 2009an. Gainera, Parisko Auzitegiak auzi-ihesean zigortu du bitan, eta lau urteko bi espetxe zigor ezarri dizkio.
Josu Urrutikoetxea aita ihes eginda dago oraindik, eta azken urteetan hainbat polizia operazio saihestu ditu. ETAren ordezkaria izan zen 2006an erakunde armatuak Espainiako Gobernuarekin egindako bake negoziazioetan, prozesuaren lehen zatian behintzat. Izan ere, ondoren, Francisco Javier Lopez Peña Thierry-k hartu zuen horren lekua. Antza denez, egun Josu Ternerak ez du loturarik ETArekin, eta, hainbat hedabideren arabera, baliteke gaixorik egotea.
Fernandez Diaz: "Poliziaren lehen helburua zen"
Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak Ipar Euskal Herrian David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak atxilotu eta bi astera etorri da gaurko operazioa.
ETA “buruzagitzarik gabe” utzi zutela esan zuen orduan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Gaur antzeko adierazpenak egin ditu eta Egoitz Urrutikoetxea Estatuko segurtasun indarren “lehen helburua” zela esan du, erakunde armatua zuzentzeko “pertsona egokiena bera zelako”.
“Orain dela aste batzuk ETA bururik gabe utzi genuen eta orain ordezkorik onena atxilotu dugu; ETAri geratzen zaion apurra kudeatzeko pedigria izan zezakeen pertsona bakarra agian, hain zuzen ere”, azpimarratu du.
EH Bildu: "Bakea oztopatu nahi dute"
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak atxiloketak salatu ditu, “bakea zailtzen dutelako”.
“Badirudi atxiloketak bakeari eta elkarbizitzari oztopoak jarri nahi dizkion ezkutuko agenda baten ondorio direla”, azpimarratu du Arzuagak Askatasuna eta Bizikidetza Lantaldea sortzeko PPk egindako proposamenari buruz hitz egiteko Legebiltzarrean egin duen agerraldian.
“Atxiloketa hauek bakea oztopatzen dute, baina herri honetan bakea, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko oinarriak ezartzen jarraituko dugu”, erantsi du.
Bestalde, “euskal herritarren ehiza” aktibatu izana egotzi dio Sortuk Alderdi Popularrari, "etekin politikoa eskuratzeko".
“Hauteskundeak hurbil daude eta gehiengoa galtzeko arriskua ikusten du PPk; botoak lortzeko atxiloketak dira”, kritikatu dute.