Politika -
Eztabaidarako eskaintza
'Bidea prestatzeko' bilera baterako deia egin dio Arraizek Quirogari
EH Bilduko buruzagiak gaineratu duenez, "herrialdeko indar guztiek osatutako mahaitik etorri beharko da elkarrizketa".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Elkarrizketarako bidea prestatzeko, ahalik eta lasterren bilera baterako" deia egin dio Hasier Arraiz EH Bilduko buruak Arantza Quiroga Euskadiko PPko buruzagiari. "Herrialdeko indar guztiek osatutako mahaitik etorri beharko da elkarrizketa", gaineratu du Arraizek.
'Bakea, erabakia' lelopean EH Bilduk larunbat honetarako Donostian deitutako manifestazioan parte hartu aurretik egin ditu Arraizek adierazpen horiek. ETAko buruak Frantzian atxilotu ostean deitu zuten gaurko martxa. Horren asmoa, antolatzailearen esanetan, "bakeari azken bultzada ematea da".
Indarkeriaren aurka ezker abertzaleak egindako azken adierazpenei garrantzia eman zien atzo Quirogak. Gaur Arraizek egindako deiak Quirogak esandakoari erantzun dio, eta "hitz berriak" direla azpimarratu du. "Quirogak harritu gintuen, izan ere, beste aldeak ezker abertzaleak emandako urratsak aintzat hartu dituelako, eta horretara ez gaude ohituta", esan du, "hori dela eta, erakutsitako jarrera eta esandakoa eskertu nahi dizkiegu Quirogari".
"Errazena da desberdintasunak azpimarratzea, aldentzen gaituena, zailena da, ordea, komuneko txokoak aurkitzea, txikiak izan arren, bakerako eta normalizazio demokratikorako bidean aurrera egin ahal izateko", ondorioztatu du.
Manifestazioa
Gauzak horrela, milaka lagun parte hartu dute EH Bilduk eta EH Baik deitutako martxan. Bi koalizioek manifestazioaren ostean nabarmendu dutenez, "urratsak ematen jarraituko dugu, euskal herritarrak bakean bizi izatea Espainiako eta Frantziako Gobernuei gustatzen ez bazaie ere".
Martxa 17:00etan abiatu dute, Artzain Onaren plazatik, eta 18:00ak aldera amaitu da. Orduan, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohiak eta presoak eta Garazi Mugertza EH Bilduko batzarkideak agiria irakurri dute Sagueseko zelaigunean.
Manifestazioan milaka pertsona izan dira, tartean, Sortuko ordezkariak (Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria), Iñigo Iruin abokatua, Amaiurreko ordezkariak (Sabino Cuadra, Alberto Unamunzaga eta Xabier Mikel Errekondo), Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa eta EH Bilduko ordezkariak (aipatutako Hasier Arraiz eta Miren Beitialarrangoitia). Martxa bitartean, ETAko presoen aldeko leloak oihukatu dituzte.
Manifestazioa amaitu ostean Gorostiagak azpimarratu duenez, "euskal gizarteak duintasunaren adibide berria eskaini du", eta "euskal gizartearen energia" nabarmendu du "bakea eta askatasuna nahi ez dutenei aurre egiteko".
"Herri honek ez du inoiz amore emango, duintasun propioa eta askatasunerako eskubidea bereganatu dituelako", gaineratu du, "etorkizun bakea eta askea merezi du Euskal Herriak".