Politika -

KONTROL SAIOA

Autogobernuan sakontzeko 'akordioa' aldarrikatu du Urkulluk

EH Bilduk, berriz,  'Espainiako Gobernuak gai honetan duen jarrera' ikusita, Euskal Herritik 'alde bakarreko pausoak' ematen hastea beharrezkoa dela esan du.

Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Urkulluk EH Bilduri: 'Aldentzeari utzi eta jarrerak hurbildu itzazue'

0:59

AGENTZIAK | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak autogobernuan sakontzeko akordioaren formula erabiltzearen alde agertu da gaur ere, Eusko Legebiltzarrean, Kontrol Saioan. EH Bilduri gai honetan "urruntzeari" uzteko eskatu dio, eta gainerako taldeengana "hurbiltzeko ahalegina" egin dezala.

Modu horretan erantzun dio lehendakariak Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderari. Euskadirentzat estatus politiko berria lortzeko dituen asmoen berri emateko eskatu dio Urizarrek Urkulluri.

Urizarren hitzetan, Espainiako Gobernuak autogobernuaren inguruan duen "ezezkoaren" jarrera ikusita, Euskal Herritik alde bakarreko pausoak emateko ordua da.

Proposamen horren aurrean, lehendakariak bereari eutsi dio eta "akordio zabalen premia" aldarrikatu du, estatus politiko berri baterako bidean.

Urkulluren hitzetan, Euskadiri "nazio" izaera aitortzea ez da ezinekoa, Konstituzioak Euskal Herriaren naziotasunaren inguruan jasotzen duenaren "zehazpen" bat litzakeelako. "Ez da ezinezkoa, borondate kontua da", esan du.

Euskal lurraldeen eskubide historikoak daude, lehendakariak nabarmendu duenez, nazio kontzeptuaren oinarrian, eta eskubide horiek Konstituzioak eta Gernikako Estatuak babesten dituztela gogora ekarri du.

EAJren Alderdi Egunean esandakoa berretsiz, Espainiak bi arazo dituela adierazi du, "bat Katalunian eta bestea hemen".

Urizarren ustean, berriz, Eusko Jaurlaritza eta EAJ "atzerapausoak" ematen ari dira subiranotasunaren alorrean. "Orain arte, urtean behin bada ere, independentzia aldarrikatzen zuten. Orain, ez dute horretaz hitzik egiten", adierazi du.

EAE eta NafarroaEuskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko harremanaz ere hitz egin du Urkulluk. Horren hitzetan, "aukera paregabe bat" dugu aurrean, autogobernuan eta bi erkidegoon arteko harremanean sakontzeko, betiere, gaineratu du, "elkarrenganako errespetuan".

Uxue Barkos Nafarroako presidentearekin izan berri duen bilera "positiboa eta emankorra" izan zela ziurtatu du. "Historia eta kultura partekatzen duten bi erkidegoren arteko harremanak normalizatzeko urrats itxaropentsua", lehendakariaren aburuz. Bide horretan aurrera egiteko borondatea agertu du.

Bi erkidegoak "bizilagunak" direla, eta, beraz, harreman ona izatea ezinbestekoa dela esan du. Besteak beste, Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Itun Ekonomikoa defendatu ditu Urkulluk.

"Autogobernuan sakontzea da helburua", gaineratu du. Horren harira, Nafarroak Akitaniako Eurorregioan sartzeko konpromisoa erakutsi duela azaldu du. "Europan elkarrekin lan egiteko aukera bat da", ziurtatu du.

Jarraitu, hemen, Kontrol Saioa, zuzenean

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Urkullu azken albisteak Eusko Legebiltzarra EH Bildu