Politika -

Kataluniako Parlamentua

Junts pel si koalizioko 62 diputatuen lehen bilera

Kataluniako Gobernua zuzenduko duen talde parlamentarioa nola antolatu  erabaki behar dute. Lau alderditako kideak arituko dira elkarlanean talde berean: CDC, ERC, MES eta Democrates de Catalunya.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts pel si koalizioko 62 diputatuk, joan den igandeko hauteskundeetan aukeratutakoak, gaur egin duten lehendabiziko lan-bilera Kataluniako Parlamentuan. Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak, Oriol Junqueras ERCko buruak eta Raul Romeva Junts pel si koalizioko zerrendaburuak zuzendu dute hitzordua.

10:00etan hasi da bilera, eta Junts pel sik eskuratu dituen 62 eserlekuak hartuko dituzten zerrendakide guztiak izan dira bertan.

Masen inbestidurarako CUPekin, jada, hasita dituzten negoziazioak izan dituzte aztergai, besteak beste. Dena dela, koalizioaren lehentasuna hemendik aurrera Kataluniako Gobernua zuzenduko duen talde parlamentarioa nola antolatu da. Independenteez gain, lau alderditako kideak arituko dira elkarlanean talde berean: CDC, ERC, MES eta Democrates de Catalunya.

Ordubete inguru iraun duen bilera, Romevaren hitzaldiarekin hasi da: hauteskundeetako emaitzen balorazio labur bat egin du eta independentziarako agintaldian daudela berretsi du.

Parlamentuko eskalinatan talde-argazkia atera ondoren, Lluis Llack zerrendako kideak hitz egin du hedabideen aurrean: "Antolatzen ari gara, lana ondo egiteko eta agintaldi demokratikoari aurre egiteko", esan du.

Muriel Casalsek ere bide beretik egin ditu adierazpenak komunikabideen aurrean. Koalizioaren helburua independentzia aldarrikatzea dela nabarmendu du.

Junts pel si koalizioaren eta CUPen arteko balizko aliantzei buruz galdetuta, ez dute gaiari buruz hitz egin.

Romevak ere hitz egin du kazetariekin, eta horrek ere ez du CUPekin abiatutako negoziazioen inguruan adierazpenik egin. Gaurko bileraren nondik norakoei buruz galdetuta, ondorengoa erantzun du: "Hasiera da, eta taldekide guztiak adi-adi eta lanerako gogoz gaude. Lan prozedurak azaldu ditugu. Eskarmentudun jende asko dago, baina baita zerotik abiatu dena ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma Kataluniako hauteskundeak