Politika -
Agiria
Armak eta biltegiak 'kontrol gabe' gera litezkeela ohartarazi du ETAk
Atxiloketek "armak suntsitzeko eta biltegiak desegiteko eredu ordenatua kolokan" jartzen dutela ohartarazi du.
eitb.eus
ETA "nazioarteko eragileei" zuzendu zaie, eta Iratxe Sorzabalen, David Plaren eta Ramuntxo Sagarzazuren atxiloketen ostean ere "konpromiso guztiei" eusten diela nabarmendu die.
Gainera, konpromiso horiek betetzeko "gaitasuna" baduela gaineratu du, Gara egunkarira eta naiz.info webgunera igorritako agiri batean.
Nolanahi ere, tankera horretako polizia operazioek "armak suntsitzeko eta biltegiak desegiteko eredu ordenatua kolokan" jartzen dutela ohartarazi du.
Era berean, atxiloketen helburua "konponbide prozesuak behar dituen oinarriei" kalte egitea dela kritikatu du.
Bestalde, "oso deigarria" iruditzen zaio "Frantziako Gobernuaren jokabidea, Madrilgo jarrera arduragabearen alde erabat lerrokatuta". Izan ere, "sinesgaitza da armak eta armategiak kontrolik gabe geratzeko arriskua dakarren jokabidearekin horrela bat egin izana".
Agiria irailaren 27an (Gudari Eguna) dago sinatuta, hau da, Frantziako Poliziak atxiloketak egin eta bost egunera.
Barne Ministerioa
Agiriaren berri izan ostean, Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak azpimarratu du Guardia Zibilak eta Poliziak ETAren kontra borrokan jarraituko dutela, erakunde armatua "desagertu" arte.
Barne ministroaren iritzian, ETAk ez du desegiteko asmorik, aurretik negoziaziorik ez badago behintzat, "eta Espainiako Gobernuak ez du inoiz negoziatuko".
"GRAPO inoiz ez zen desegin eta gaur iraganeko oroitzapen odoltsua baino ez da; ETAk GRAPO bezala amaitu nahi badu, niri bost axola zait", adierazi du.