Politika -
Presoak
Epaileak bertan behera utzi ditu Oñatiko presoen aldeko ekitaldiak
Bazkari bat, kontzentrazio bat eta "preso politikoen eta iheslarien eskubideen aldeko" ekitaldi bat dira bertan behera utzitakoak, eta jaietako egitarau ofizialean daude.
agentziak | erredakzioa
Donostiako epaitegiak bertan behera utzi ditu Oñatiko (Gipuzkoa) jaietako egitarau ofizialean agertzen ziren presoen aldeko hiru ekitaldi.
Hala, Donostiako Auzitegiak aintzat hartu du Estatuko Abokatutzak sartutako salaketa. Estatuko Abokatutzak bazkari bat, kontzentrazio bat eta "preso politikoen eta iheslarien eskubideen aldeko" ekitaldi bat bertan behera uzteko eskatu zuen, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak proposatuta.
Oñatiko Udalak herriko jaietako egitarau ofizialaren barruan onartutako ekitaldiak dira hiruak.
Epaitegiaren arabera, Udalak ezin du "joera politiko edo ideologiko jakin baten zerbitzura jokatu, interes orokorraren zerbitzura egon behar du".
Azken hilabeteotan antzeko erabakiak hartu dituzte epaitegiek Bermeon, Ibarran eta Areatzan, guztietan Espainiako Gobernuaren ordezkarien salaketen ondoren.