Politika -
Kataluniako Auzitegi Nagusia
Erkorekak galdetu du ea Mas inputatzea den elkarrizketarako borondatea
Kataluniako hauteskundeen ostean "elkarrizketa eta negoziazioa" bultzatzeko garaia dela adierazi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak galdetu du ea Artur Mas Kataluniako generalitatearen presidentea azaroaren 9ko kontsultagatik inputatzea den Rajoyk duela 24 ordu erakutsi duen elkarrizketarako borondatearen "isla". Gainera, Kataluniako hauteskundeen ostean "elkarrizketa eta negoziazioa" bultzatzeko garaia dela adierazi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Artur Mas Generalitateko presidentea, Joana Ortega Exekutiboko presidenteorde ohia eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria azaroaren 9ko kontsultagatik inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak, eta horixe ere izan du hizpide Erkorekak Jaurlaritzaren bileraren osteko agerraldian.
Bozeramaileak berretsi du Masen eta bere gobernukideen inputazioak "deigarriak" direla; izan ere, "duela 24 ordu baino gutxiago Gobernuaren presidenteak Kataluniako gizartearen ordezkariekin lehenengo aldiz elkarrizketak abiatzeko borondatea agertu zuen publikoki".
Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzak "ez du ulertzen" pertsona bat auzipetzea "Kataluniako herritarren iritzia erreferendum bidez jakin nahi izateagatik". "Are gutxiago, orain, hautetsontziek ondorio argi bat eman eta 48 ordura. Izan ere, Kataluniako Parlamentua osatuko dutenen artean, 10etik 6k legezko eta itundutako kontsulta nahi du", azpimarratu du.