Politika -
UPNren asanblea
Javier Esparza, UPNko presidente
Parte-hartze txikia izan da: %35,6k eman dute botoa, eta Esparzak %57 eskuratu ditu; 750 boto. Beste bi hautagaiek, Salanuevak eta Kutzek, %38 eta %4 jaso dute, hurrenez hurren.
Agentziak | Erredakzioa
Javier Esparza parlamentari eta Nafarroako Gobernuko kontseilari ohia UPNren presidente hautatu dute. Yolanda Barcinaren lekukoa hartuko du Esparzak, beste bi hautagaiek, Amelia Salanueva senatariak eta Maria Kutz sailburu ohiak, jasotako boto kopurua aise gaindituta.
Iruñean egin dute gaur UPNren biltzar nagusia Yolanda Barcinaren ordezkoa aukeratzeko eta parte hartzea txikia izan da. Joan den hauteskunde autonomikoetan UPNren hautagia izan zen Esparzak 750 boto eskuratu ditu, bozen %57, Salanuevak 504 (%38) eta Kutzek, ostera, 51 (%4), Oscar Arizcuren UPNren idazkari nagusiak jakinarazi duenez.
UPNren 3.700 afiliatuetatik 1.319k bozkatu dute; %35,6k alegia. Abuztuaren 27an, ezustean utzi zuen kargua Yolanda Barcinak; hil batzuk lehenago politika uzteko erabakia hartu zuen.