Politika -
ETA-ren aurkako operazioa
Espetxeratu egin dituzte Pla eta Sorzabal, ETAko buruzagi direlakoan
Terrorismoaren aurkako epaile frantziarrek sei kargu leporatu dizkie, tartean, erakunde terroristako zuzendaritzako kide izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako terrorismoaren aurkako epaileek Iratxe Sorzabal eta David Pla espetxeratzeko agindu dute, erakunde terroristako zuzendaritzako kide izatea leporatuta.
Hain justu, joan den asteartean Ipar Euskal Herrian, Baigorrin, atxilo hartutako lau lagunetatik hiru bidali ditu epaileak espetxera. Laugarren atxilotuak defentsa prestatzeko epea luzatzea eskatu du. Horrenbestez, datorren asteazkenean igaroko da epailaren aurrera, eta espetxean izango da ordura arte.
Sorzabal eta Plarekin batera, Ramon Sargazazu ETAko buruzagi ohia eta Pantxo Flores baserriko jabea hartu zituzten atxilo. Plari eta Sorzabali "helburu terroristekin pertsonen aurkako atentatuak egiteko sortutako erakunde bateko zuzendari" izatea egotzi zien atzo Fiskaltzak eta espetxera bidaltzeko eskatu zion epaileari.