Politika -
Polizia-operazioa
ETA zuzentzea egotzi die Frantziako Fiskaltzak Sorzabali eta Plari
Halaber, zigor eskaria egin du astearteko polizia operazioan atxilotu zituzten beste bi lagunentzat ere, hots, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Floresentzat.
eitb.eus
ETA zuzentzea egotzi die Frantziako Fiskaltzak Baigorriko landetxe batean asteartean atxilotu zituzten David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko kideei, Frantziako iturri judizialen arabera.
Biak ala biak kartzelara bidaltzea eskatu du Ministerio Publikoak "helburu terroristak dituen erakunde bateko zuzendaritza", armak izatea edota dokumentu faltsuak izatea egotzita.
Era berean, zigor eskaria egin du astearteko polizia operazioan atxilotu zituzten beste bi lagunentzat ere, hots, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Floresentzat. Azken bi horiei helburu terroristak dituzten gaizkileei laguntzea leporatzen diete.
David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak gaur pasatu dira terrorismoaren kontrako epailearen aurretik. Polizia operazio berean, Ramon Sagarzazu (ETAko kide historikoa) eta Pantxoa Flores (landetxearen jabea) ere eraman zituzten preso. Lau atxilotuak Biarritzeko aireportura eraman zituzten atzo (ostirala) goizean, eta, bertatik, Parisera eraman zituzten, gaur epailearen aurrean deklaratzeko.
Terrorismo kasuetan, Frantziako Segurtasun indarrek 96 ordu dituzte atxilotuak galdekatzeko, Pariseko epailearen aurrera eraman edo aske uzteko erabakia hartu baino lehen.
Pla eta Sorzabal ETAko buruzagitzat ditu Espainiako Barne Ministerioak. Polizia iturrien esanetan, Sorzabalek eta Plak irakurri zuten, 2011ko urrian, ETAk jarduera armatua uzten zuela iragarri zuen agiria. Halaber, biek ala biek Osloko (Norvegia) bake negoziazioetan parte hartu zuten, prozesuak aurrera egiten ez zuela-eta bertatik kanporatu zituzten arte.
David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotuta ETA "bururik gabe" utzi dutela esan zuen Espainiako Gobernuak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren bidez. "Jakina, denbora daramagu esaten ETA hilotz bat dela, eta heriotza agiria sinatzea besterik ez zaiola geratzen", adierazi zuen.
Aitzitik, Sortuk gogor kritikatu zuen Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin zuten operazioa. Atxiloketek "inolako zentzurik ez" zutela eta PPren Gobernua "bakearen etsaia" zela azpimarratu zuen Pernando Barrenak. Nazioarteko Harreman Taldea, berriz, arduratuta azaldu zen, atxiloketa horiek bake prozesuarentzat oztopo izan daitezkeen beldur.