Politika -
Kanpainaren amaiera
CDCk eta ERCk 70.000 pertsona mobilizatu dituzte kanpainaren amaieran
Kataluniako alderdiek amaiera eman diote hauteskunde kanpainari.
eitb.eus
Kataluniako alderdi politikoek amaiera eman diote igandeko hauteskundeen kanpainari, boto erabilgarriaren aldeko deiak eginda.
Independentismoak indar erakustaldia egin du kanpainako azken egunean, azken ekitaldietara dozenaka mila pertsona erakarrita.
Junts pel Sí
Artur Mas Generalitateko presidentearen esanetan, prozesu subiranistan egindako guztiak "zentzua" du jada, hauteskunde kanpainan mobilizazio handia ikusi baita. Halaber, hauteslekuek "oparotasuna, duintasuna eta askatasuna" ekarriko dituztela gaineratu du.
70.000 jarraitzaileren aurrean, Oriol Junqueras ERCko buruak txalotu egin du "historia" egiten ari direla, eta "idatz dezakegun atal onenaren protagonistak" bihurtu direla: "gure herriaren askatasuna".
PSC
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, igandearen PSCren alde bozkatzea "bizikidetzari baietz eta independentziari ezetz" esatea da. Horregatik, Miquel Iceta Generalitateko presidente bihurtzea eskatu du, "gatazken politikak atzean uzteko".
Horren ildotik, Icetak berak hauteslekuetara joateko deia egin du, Artur Mas Generalitatetik "botatzeko" eta erreforma federal baten bidez "haustura saihesteko konponbideak" aurkitzeko.
PPC
PPk Mariano Rajoyrekin, Nicolas Sarkozyrekin eta Xavier Garcia Albiolekin itxi du hauteskunde kanpaina, Bartzelonako Palau de Congressosen.
Frantziako agintari ohiak adierazi duenez, "Europak eta Frantziak Espainia indartsu izatea eta batuta egotea behar dute". Espainiako Gobernuko presidenteak esan du PP dela "egiaren ahotsa", eta zerrendaburua "harro" agertu da, Badalona "garbitu" zuelako (bertako alkate izan zen).
Ciutadans
Virrei Amat plazan, Ines Arrimadas Ciutadanseko hautagaiak bere alderdiaren alde bozkatzeko deia egin die herritarrei, "Kataluniari, Espainiari eta munduari argi uzteko espainiarrak eta espainiarrak izaten jarraitu nahi dutela". C’s Artur Masen planak "geldiarazteko gai den bakarra" dela ohartarazi du.
Bestalde, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak "batasunaren balioen alde borrokatzea" eskatu du, "Trantsizioan" bezala, "galdutako bidea berreskuratzeko".
Sí que es Pot
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak ezkerreko gobernu bat egiteko deia egin die hiru alderdiri, Lluis Rabell koalizioko burua president bihurtzeko: "CUPekoak zintzoak dira, ez ustelak; Joan Tarda ERCko diputatuaren laguna naiz, eta jakin badakit Alderdi Sozialista zentzatu egin daitekeela".
Koalizioak 3.500 pertsona bildu ditu L'Hospitalet de Llobregaten. Bertan, Iñigo Errejon Podemoseko bigarrenak adierazi du Madrilen Kataluniaren erabakitzeko eskubidea "aitortzen" duen gobernu bat "behar" dela. "Lehenik eta behin hemen irabaz dezagun, eta, ondoren, Madrilen", aldarrikatu du.
CUP
Anna Gabriel CUPeko zerrendako bigarrenak zalantzan jarri du Artur Mas presidentearen konpromisoa: "Erakutsi egin behar duzue atzerapenik gabe eta alderdikeriarik gabe prozesuaren alde egingo duzuela", esan die CDCko buruei.
Badalonan 5.000 pertsonaren aurrean eskainitako hitzaldi batean, Gabrielek nabarmendu du CUPeko "milaka eta milaka" boto-emaileak ez direla "arazoa" izango "prozesuarentzat". Izan ere, "independentziaren, askatasunaren eta duintasunaren alde; eta pobreziaren eta feminizidioen aurka bozkatuko dute".