Politika -

Presoak

Manifestazioak Euskal Herrian, presoen sakabanaketa amaitzea eskatzeko

PPren “politika kriminalaren aurka” indarrak bikoiztea eskatu du Sortuk. Auzitegi Nazionalak ostiral honetan aztertuko du presoek Euskal Herriratzeko egin zuten eskaera.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Izko Sorturen bozeramaileak garrantzitsutzat jo du euskal presoen eskubideen aldeko borrokan “indarrak bikoiztea”, eta PPren “politika kriminalaren aurka” egitea “prozesuaren alde” egotea dela nabarmendu du.

“Preso guztiak etxean egotea nahi dugu, gatazka eta bere ondorio guztiak behin betiko bukatzeko”, erantsi du.

Izkok Donostian egindako manifestazioan egin ditu adierazpenok. Sortuk deituta, Euskal Herriko hiri eta herrietan mobilizazioak izan dira arratsaldean, sakabanaketa-politika salatzeko.

Auzitegi Nazionala ostiral honetan bilduko da, euskal presoek Euskal Herriratzeko egin zituzten eskaerak aztertzeko. “Erabakia hartuta dago, Madrilgo Gobernuak idatzi du, eta, beraz, orain arte bezala jarraituko dute, eskaera horri ezetz esanez”, deitoratu du.

Izkok gogora ekarri du lau urte direla ETAk bere jarduera armatua betiko amaitu duela iragarri zuenetik, “baina denbora horretan espetxeetako baldintzak okerrera egin dute”, kritikatu du.

“Errepresioan oinarritzen da Madrilen eta Parisen politika; gure herrian gatazka betikotu nahi dute, etorkizuna lapurtuz”, salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Eguneko albisteak