Politika -

Bake-prozesua

Nazioarteko bitartekariak kezkatuta, alderdien arteko urruntzeagatik

ETAren aurkako azken polizia-operazioak armagabetze prozesuan izan dezakeen eraginaz ere kezkatuta agertu dira Brian Currin eta Alberto Spektorowsky.

Alberto Spektorowsky eta Brian Currin nazioarteko bitartekariak. Argazkia: EFE
Alberto Spektorowsky eta Brian Currin nazioarteko bitartekariak. Argazkia: EFE
Alberto Spektorowsky eta Brian Currin nazioarteko bitartekariak. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currin abokatu hegoafrikarra eta Alberto Spektorowsky (Israelgo Atzerri ministroaren aholkularia izan zen 2000. urtean, palestinarrekin egindako bake-negoziazioetan) Harremanetarako Nazioarteko Taldeko ordezkariak Bilbon izan dira, Sorturekin, EAJrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egiteko, banan-banan.

Ezker abertzalearekin egindako batzarrean, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria eta Urko Aiarza Amaiurreko senataria egon dira; jeltzaleen ordezkaria Andoni Ortuzar EBBko presidentea izan da; eta, azkenik, Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitzarako zuzendariarekin bildu dira.

Sorturekin batzartu ostean, Spektorowskyk esan du kezkatuta daudela David Pla eta Iratxe Sorzabalen atxiloketak ETAk armak uzteko hasitako prozesuan izan dezakeen eraginagatik.

Horrez gain, indarkeria behin betiko desagerrarazteko prozesuan parte hartzen ari diren euskal eragile politiko eta sozialak (Eusko Jaurlaritza, EAJ eta Sortu, tartean) elkarrengandik gero eta urrunago daudela deitoratu du.

“Nola atxilotu daitezke ETAren jarduera amaitzeko laguntzen ari diren pertsonak?”, galdetu du aholkulari israeldarrak.

“Atxiloketek indarkeria bukatzeko prozesua oztopa dezakete, eta, ondorioz, bakegintzaren kalterako dira”, ohartarazi du.

Hori horrela, polizia-operazioak prozesuaren egoera aldatu duela esan diote Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek Eusko Jaurlaritzari.

Bilerak Sorturekin eta EAJrekin

Sortuko  buruzagien esanetan, berriz, atxiloketek ez dute eraginik izango ETAren armagabetzea gauzatzeko “eskema politikoan”.

Pernando Barrenak esan du ezker abertzaleak Euskal Herrian bakea lortzeko egindako apustu politikoa “irmoa” dela eta “inork ez” duela hautu hori aldatuko.

Nazioarteko bitartekariak Andoni Ortuzarrekin bildu aurretik, Koldo Mediavillak hitz egin du, eta batzarrean proposa zitekeenaren aurrean jeltzaleak “eszeptikoak” direla adierazi du.

“Prozesua normaltasunez aurrera eramateko kudeaketa ona egiten ari diren arren, atxiloketak bezalako gertakariak ezin dituzte kontrolatu; horregatik gara eszeptikoak”, azaldu du.

Bitartekarien eta Andoni Ortuzarren arteko bilera Sabin Etxean egin dute, eta ordubete eta hamabost minutu iraun du. Jeltzaleen ustez, ezker abertzaleak Jaurlaritzak eta EAJk berak eskatutako urratsak emateko borondaterik ez duela esan die Ortuzarrek bitartekariei.

EAJko iturriek zabaldu dutenez, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin egindako bileran ez da berritasunik izan eta ez da urratsik eman.

Jonan Fernandezekin bilera

Eusko Jaurlaritzako iturriek, bestalde, baieztatu egin dute Brian Currin eta Alberto Spektorowski Jonan Fernandezekin bildu direla Bilbon, baina ez dute ezer esan batzarrean hitz egindako gaiei buruz.

Josu Ekoreka Jaurlaritzaren bozeramailearen iriitzan, atzoko atxiloketen ostean nazioarteko bitartekariei “denbora amaitzen ari zaie”. “Ez dakit zein den euren egiteko zehatza, baina orain lehen baino tarte txikiagoa dute”, azpimarratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak ETA gaur Eguneko albisteak