Politika -

Donostian

Manifestazioa deitu dute EH Bilduk eta EH Baik urriaren 3rako

Atzoko atxiloketen aurrean, "bakearen bidean urratsak ematen jarraitzeko" deia egin diote alderdiok euskal gizarteari.

EH Bai eta EH Bilduko buruzagiak, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
EH Bai eta EH Bilduko buruzagiak, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

E.G | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako kaleak "bake eta askatasun egarriz" betetzeko asmoz, urriaren 3rako manifestazioa deitu dute EH Bilduk eta EH Baik.

Atzo Baigorrin ETAko hiru kide atxilotu zituztela eta, agerraldi bateratua egin dute bi alderdiek Donostian. Bertan, agiria irakurri dute, euskaraz eta gazteleraz, Anita Lopepe EH Baiko kideak eta Oskar Matute EH Bilduko buruzagiak. Adierazpenean Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera salatu dute alderdiok, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ostean irekitako "esperantza eta konponbiderako aukera zapuztu" nahi dutelako.

Bi alderdien iritzian, Euskal Herriak "bakean bizitzea" erabaki du eta "gatazka etengabean aritu nahi dutenenen aurrean, hitza eta erabakia" aldarrikatu ditu. Horri kontrajarriz, Frantziako eta Espainiako estatuek "gure bidea zapuztea erabaki dute. Ez dute bakerik nahi; gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako", agertu dute agirian EH Bilduk eta EH Baik.

Hori horrela, "bakearen bidean urratsak ematen jarraitzeko" deia egin diote euskal jendarteari eta urriaren 3rako Donostian  (17:00etan) 'Bakea, Erabakia' lelopean deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diote.

"Herriak bakean bizitzeko hartutako erabakiaren aurka, Espainiako eta Frantziako estatuek bide hori desegin" nahi dutela salatu du, eta horretarako "etsai izateari uko egin dionaren kontra" jo dutela.

"Ez dute bakerik nahi, gatazkan erosoago sentitzen dira", gaineratu dute adierazpenean, baina "bakean bizitzeko herriak hartu duen erabakia muturreraino" eramateko garaia dela azpimarratu dute.

"Une historiko honetan, herri gisa jokatzeko ardura eta betebeharra dugu beste behin ere. Ezin diegu huts egin bakea lortzeko ametsa egi bihur dadin lan egin duten milaka herritarrei", berretsi du.

Horregatik, EH Bilduk eta EH Baik deia egin diote Euskal Herriari: "Jarrai dezala bakea lortzeko bidean pausoak ematen, bake eta bizikidetza alorrean eredu izan dadin".

"Bideak pauso eta pausoak bide bihur ditzagun Euskal Herriak, behingoz, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldiei ongietorria eman diezaien", aldarrikatu dute adierazpenaren amaieran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak EH Bildu Gipuzkoa