Politika -
Polizia operazioa
'ETA armagabetze prozesuan' dagoela gogoratu dio Sortuk Gobernuari
EAJren iritzian, ETA nahiz Espainiako Gobernuan ez dira modu egokian kudeatzen ari indarkeriaren amaiera. PSEk eta PPk, berriz, atxiloketak txalotu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sortu
Sortuk gogor kritikatu du Baigorrin egindako polizia operazioa. Atxiloketek “inolako zentzurik ez” dutela esan eta PPren Gobernua “bakearen etsaia” dela azpimarratu du, “Ebrotik haratago botoak lortzeko”.
“2011ko urrian ETAk jarduera armatuari bukaera ematea erabaki zuen eta momentu honetan armagabetzearen aurreko inbentariatze eta zigilatze prozesuan dago buru belarri hainbatetan publiko esan duenez”, gogoratu du Pernando Barrenak.
“Bortxakeriaz, errepresioz eta atxiloketen bidez aritzea bakearen aldeko jarrera eta armagabetze betean dagoenaren kontra psikopaten jokabidea baino ez da”, nabarmendu du.
“ETAk modu positiboan ekin dio jarduera armatuaren amaieratik eta ukazinezko aurrerapausoak eman ditu euskal gatazka politikoaren konponbidea laguntzeko asmotan; gobernu espainolak aldiz, bakerako aukera guztiak zapuzteko asmotan aritu da lehenengo egunetik modu guztiz arduragabean”, azaldu du Sorturen bozeramaileak.
EAJ
EAJren iritzian, ETA nahiz Espainiako Gobernuan ez dira modu egokian kudeatzen ari indarkeriaren amaiera.
Gainera, “harrigarritzat” eta “arduragabekeriatzat” jo ditu zenbait agintari politikok “garaipen” adierazpenak egin izana, “enegarrenez ETAren zuzendaritza desegin dutela esanez”. Jarrera hori “hauteskunde ziklo luzea hastear dagoen seinale da”.
EAJk uste du ETAren jokabidea “justifika ezina” dela. “Aldebakarreko armagabetze egiaztagarriari modu irmoan heldu behar dio, euskal gizarteak eskatzen dion moduan; eta, ildo berean, eragindako kalte bidegabea onartu behar dute”, azpimarratu du.
Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du, “aro berri honetan estrategikoak diren esparruetan, hala nola, espetxe-politikan urrats edo keinu txikiena ere eman ez duelako”. “Bide poliziala da haien estrategia bakarra”, deitoratu du.
PSE eta PP
PSE-EEk eta Euskadiko PPk, berriz, Iratxe Sorzabal eta David Pla ETAko ustezko bi buruzagiren atxiloketa txalotu dute, eta desegiteko eskatu diote ETAri.
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko legebiltzarrean duen bozeramaileak azpimarratu du ETAk "talde terrorista" izaten jarraitzen duela eta, ondorioz, "Poliziak gaizkileak atxilotzen eta horiek Justiziaren esku uzten jarraitzen du". "ETAk ez du desegitea beste etorkizunik" eta "bere presoei egingo lioken mesederik handiena litzateke", azpimarratu du Pastorrek ohar batean.
ETAri desegitea eskatzeko eskaerarekin bat egiteko eskatu diote euskal sozialistek gainerako alderdiei, harik eta "inori zalantzarik utziko ez dion eta biktimen memoriarekin adeitsua izango den elkarbizitza eraikitzeko". "Estatuak egiaren eta justiziaren aldean lanean jarraitzen duela sentituko dute gaur biktimek", gaineratu du.
Arantza Quiroga Euskadiko 'popularren' presidentearen esanetan, gaurko atxiloketak "justizia ekintza" bat dira ETAren "amaiera" aurreratuko dute. Quirogaren arabera, gaurko atxiloketen ondoren "amaiera emango zaio Espainiako demokraziaren historia berriko garai ilunenari eta aurrerantzean aurrera egiteko eta baloreetan oinarritutako gizartea eraikitzeko garaia da".
"Lasaigarria da ETAko buruzagiak ihes eginda ez daudela eta hainbeste min egin ostean egokitzen zaien tokian daudela jakitea", nabarmendu du.
Gainerako alderdiek ez dute oraindik adierazpenik egin polizia operazioari buruz.