Politika -

Polizia-operazioa

ETA 'bururik gabe' utzi dute atxiloketekin, Barne Ministerioaren ustez

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du erakunde armatuaren "heriotza agiria" dela "ia" gaurko polizia-operazioa.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Argazkia: EiTB
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa.
Atxiloketekin ETAren heriotza agiria sinatu dela dio Barne ministroak

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruzagiak atxilotuta ETA "bururik gabe" utzi dutela.

"Jakina, denbora daramagu esaten ETA hilotz bat dela, eta heriotza agiria sinatzea besterik ez zaiola geratzen", adierazi du Fernandez Diazek Bruselan egiten ari diren Barne ministroen Kontseilura iritsi denean.

"Oso gutxi geratzen zaio, eta operazio honekin ETA bururik gabe utzi dute erabat", gaineratu du.

Horregatik, ministro espainiarrak esan du "oso operazio garrantzitsua dela" Guardia Zibilak eta Frantziako terrorismoaren kontrako zerbitzuek elkarlanean egin dutena, baina ezin izan du baieztatu beste bi atxilotuak nortzuk diren.

"Ezin dut baieztatu. Bi atxiloketa gehiago izan dira, tartean atxiloketak izan diren etxebizitzaren jabea, baina oraindik ez dut informaziorik atxilotuen artean 'Josu Ternera', aita edo semea, ote dagoen esateko", erantzun du.

Era berean, "operazioak irekita" jarraitzen duela jakinarazi du.

Haren esanetan, operazioarekin "ETAren buruzagi politikoak" atxilotu dituzte, eta agerian uzten du "Espainiak eta Frantziak terrorismoaren kontra dugun aldebiko elkarlana".

Fernandez Diazek azpimarratu du Pla eta Sorzabal "terrorista bilatuenak" zirela, eta ez dutela "negoziatu", ez dutela egingo, eta ez dutela "negoziatzea pentsatu ere egiten".

"ETAri geratzen zaiona da bururik gabe eta deseginda dagoela onartzea, eta bere esku dago desegitea formalizatzea. Baina ia ETAren heriotza agiria dela esaten ausartuko naiz", azpimarratu du.

"Pozik egoteko eguna da, eta Guardia Zibila eta Estatuko Segurtasun Indar guztiak zoriondu behar dira, urte asko baitaramatzate ETAren kontrako borrokan", azaldu du ministroak.

"Orain alor logistiko-teknikoa soilik geratzen zitzaien, zuloak zaintzeaz arduratzen zena, eta gaur atxilotutakoen aginduetara zegoena; beraz, pozik egoteko eta zoriontzeko eguna da", berretsi du.

Fernandez Diazek uste du ETAk "aktore politiko gisa" egon nahi duela "betiko" baina gaurko operazioarekin hori "ezinezkoa" izango dela.

"Badakit ez duela heriotza agiririk sinatuko negoziaziorik ezean, baina ez da negoziaziorik izango", azpimarratu du ministro espainiarrak.

Frantzia ere pozik

Adierazpen horiek egin eta ordu batzuetara, Fernandez Diazek agerraldia egin du berriz, Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroarekin batera.

"Konfiantza harremana dago [bi gobernuen artean] talde bortitzen aurka egiteko, gure herritarren segurtasunari eraso ez diezaioten", adierazi du buruzagi frantziarrak.

Cazeneuvek eskertu egin dio Mariano Rajoyren Gobernuari harremana "kalitatekoa" izatea, eta lankidetza horretan aurrera egiteko deia egin du. Izan ere, "mehatxu handia" diren hainbat talde terrorista badaudela gogorarazi du, eta Estatu Islamikoa aipatu du horren adibide gisa.

"Egun garrantzitsua da gaurkoa; arrakastatsua izan da operazioa, lankidetzak beste hainbat aktore eta filial desegitea ahalbidetuko baitu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA gaur