Politika -

polizia operazioa

David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideak atxilotu dituzte

Ramon Sagarzazu ETAko kide historikoa eta atxiloketak egin dituzten etxearen jabea ere atzeman dituzte.

Sorzabalen eta Plaren artxiboko argazkia. EFE
David Pla eta Iratxe Sorzabal dira atxilotuetako bi

0:58

EITB.eUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak  atxilotu dituzte Baigorriko landetxe batean, Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin dute operazioa.

Informazio agentzien arabera, polizia operazioan Ramon Sagarzazu ETAko kide historikoa eta Pantxoa Flores, atxiloketak egin dituzten etxearen jabea, ere atzeman dituzte. Etxean material informatiko ugari eta bi pistola topatu dituzte, albiste-agentziek terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta zabaldu dutenez.

Pla eta Sorzabal ETAko buruzagitzat ditu Espainiako Barne Ministerioak. Polizia iturrien esanetan, Sorzabalek eta Plak ETAk jardun armatua uzten zuela iragartzen zuen agiria irakurri zuten 2011ko urrian. Halaber, biek ala biek Osloko (Norvegia) bake negoziazioetan parte hartu zuten, prozesuak aurrera egiten ez zuela-eta bertatik kanporatuak izan ziren arte.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotuta ETA "bururik gabe" utzi dutela. "Jakina, denbora daramagu esaten ETA hilotz bat dela, eta heriotza agiria sinatzea besterik ez zaiola geratzen", adierazi du.

Bestalde, Jaurlaritzak gogorarazi du "ETAren amaiera ordenatuaren" aldekoa dela eta horretarako proposamen zehatz egin zuela, eta Sortuk kritikatu du atxiloketek ez dutela "inolako zentzurik", ETA "momentu honetan armagabetzearen aurreko inbentariatze eta zigilatze prozesuan" baitago "buru belarri".

Polizia operazioari Pardines izena jarri diote, Jose Antonio Pardinesen omenez. ETAk hildako lehen guardia zibila izan zen, 1968an, Villabonan.

Tentsio uneak

Bestalde, atxiloketak gauzatu diren etxearen ingurura bertaratu dira ehun bat lagun, 19:45 inguruan, atxilotuei babesa helarazteko asmoz.

Etxera hurbiltzen saiatu dira, baina 40 bat jendarmek aurrera egitea galarazi diete, eta tentsio uneak izan dira. Antza, manifestari batek harri bat jaurti die eta poliziek ke-potoak bota dituzte.

Miaketa Oiartzunen

Era berean, Guardia Zibilak Sagarzazuren etxea miatu du Oiartzunen (Gipuzkoa). Miaketak ia lau orduko iraupena izan du. Miaketa arratsaldeko azken orduan hasi zen, guardia zibilek Sagarzazuren nortasuna baieztatu ondoren.

Guardia Zibilaren dozena bat ibilgailu Oiartzungo Araneder kalera joan dira. Etxetik zenbait kutxa atera dituzte guardia zibilek. Gainera, auto bat miatu dute.

00:50 aldera etxebizitzaren inguruan ezarritako hesia kendu eta miaketa bukatutzat eman dute.

David Plak 40 urte ditu eta iruindarra da. 2001ean 6 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 2006ko abuztuaren 17an aske utzi zuten Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak hala aginduta. Ondoren, 2010eko apirilaren 16an atxilotu zuten Hendaian, presoen eta ETAko zuzendaritzako kideen arteko ustezko sare bateko kide izatea egotzita. Hala ere, Pariseko epaile baten aurrean deklaratu ostean aske gelditu zen 2010eko apirilaren 19an.

Iratxe Sorzabal irundarra eta 43 urte ditu. Herri Batasunako parlamentari izan zen, eta Gipuzkoan Amnistiaren Aldeko Batzordeen arduradun ere izan zen. Pariseko auzitegi batek bi urteko kartzela zigorra ezarri zion 1999ko otsailaren 12an eta, behin zigorra beteta, Espainiara kanporatua izan zen Frantzian bizitzeko bost urteko debekua tarteko. 2001eko martxoaren 30ean ETAren Sugoi komandoko kide izatea egotzita atxilotu zuten Hernanin. Atxiloketan torturak salatu zituen eta, epaileak aske utzi ostean, klandestinitatera pasatu zen. Halaber, Frantziako justiziak iheslari gisa deklaratu zuen Capbretoneko atentatuan parte hartzeagatik.

Bestalde, Ramon Sagarzazu ETAren nazioarteko taldearen burua izan zen, eta 2012an geratu zen aske, Frantzian 10 urteko espetxe zigorra bete eta gero. Herrialde horretako Poliziak ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bilerak prestatzeko lanak egitea egotzi zio. Aspalditik dago ETAn; izan ere, 1986an atxilotu zuten lehen aldiz, Hendaian, Sokoa enpresaren aurkako operazio batean.

Barne Ministerioaren arabera, azken lau urteotan 109 pertsona atxilotu dituzte ETAren aurkako borrokan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak