Politika -

Nafarroa

Tafallako alkatea inputatu dute presoen aldeko pankarta batengatik

Auzitegi Nazionaleko epaileak terrorismoa goratzeagatik inputatu du, udaletxeko balkoian “Preso eta iheslariak etxera” zihoen pankarta bat jartzeagatik.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak Arturo Goldaracena Tafallako alkatea, EH Bildukoa, inputatu du terrorismoa goratzeagatik, herriko jaietan udaletxeko balkoian jarri zuten presoen aldeko pankarta batekin lotuta.

Gaur kaleratutako autoaren arabera, Goldaracenak urriaren 14an, 09:30ean, deklaratuko du Auzitegi Nazionalean inputatu gisa, Udalaren agintari gorena izaki.

"Preso eta iheslariak etxera" zihoen pankarta udaletxeko balkoian jarri zuten abuztuaren 14ko txupinazoan, jaiei hasiera emateko ekitaldian.

Auzitegi Nazionalak azaldu duenez, Fiskaltzak egindako lanaren ondorioz iritsi da inputazioa, "Tafallako jaietan gertatutakoak arau-hauste penalaren zantzuak" dituelako.

Fiskaltzaren arabera, pankarta hori ETAko kideen omenezkoa da, ETAko presoak politikoak direla eta ez dituztela zigorrak behar iradokitzen duelako.

Oraingoz, epaileak alkatea soilik galdekatuko du, Udaleko ordezkari gorena delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Presoak argazkiak EH Bildu Gipuzkoa Tafalla bideoak