Politika -
NAFARROA
Nafarroako Gobernuak Ustelkeriaren Aurkako Bulego bat sortuko du
Erakundeak kudeaketa publikoa eta azpiegitura handiak eraikitzeko prozesuak behatzea izango du helburu batik bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak Praktika Onen eta Ustelkeriaren Aurkako Bulego bat sortuko du, kudeaketa publikoa eta azpiegitura handiak behatzeko.
Foru Exekutiboak lehen urratsak egin ditu jada bulegoa ezartzeko, eta "aurki" egongo da martxan.
Erakundea Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Kontseilaritzaren menpe egongo da, Nafarroako Gobernuak gaurko bileran hala erabakita, Ana Ollo bozeramaileak azaldu duenez.
Oraingoz ez dago argi nork zuzenduko duen erakundea, ezta zuzendaria funtzionarioa izango ote den edo ez ere. Maria Jose Beaumont kontseilariak hartuko du erabakia, eta Gobernu Kontseiluak berretsiko du ondoren.
Ustelkeriaren aurkako Bulegoa sortzea Gobernua osatzeko akordioaren konpromisoetako bat da.
Besteak beste, Kode Etiko bat proposatzea ere izango du zeregin, egokiak ez diren portaerak zehazteko, zigor prozedurak ezartzeko eta esleipen prozesuak arautzeko.