Politika -

Elkarrizketa

Oregi: 'AHTaren lanek aurrera egitea da lehentasuna, ez amaiera data'

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 'Albiste Faktoria' saioan esan du garraio txartel bakarraren plana betetzen ari direla, eta orain tarifen bateratzeari helduko diotela.

Oregi: 'AHTren lanek aurrera egitea da lehentasuna, ez amaiera data'

02:04

G.U.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde eta Politikako sailburua, zain dago Ana Pastor Sustapen ministroak AHTari buruz hitz egiteko noiz deituko. Hori esan du Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioan. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateekin joango da bilerara, hiriburuetako sarrerak landuko baitituzte bertan. Izan ere, gai hori oso garrantzitsutzat jo du sailburuak epeak betetzeko.

Dena dela, Oregik aitortu du lanak atzeratuta daudela. "Europak markatutako epea luzatu egin da, eta horrek kalte ekonomiko eta sozialak ekarri ditu", onartu du. Horren ustez, baina, amaiera data zehazteak ez du garrantziarik, lanek aurrera egitea baita lehentasuna.

Horrelako azpiegitura batek hiriak erabat aldatuko dituela nabarmendu du, intermodalitatea oso garrantzitsua baita pertsonen joan-etorrian, ez soilik merkantziak garraiatzeko. "Iraultza izango da, ez bakarrik garraiobideetan, baizik eta gure bizitzan", Jaurlaritzaren ordezkariaren arabera. AHTaren kontrako jarrerei dagokienez, orain arte egindako komunikazio lana agian ez dela ulertu esan du, eta ahalegin handiagoa egin beharko dutela, baina "zenbaitetan argudioak ez dira entzun nahi", gaineratu du.

Garraio txartel bakarra

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste lehentasunetako bat EAEn garraio publikorako txartel bakarra ezartzea dela nabarmendu du Oregik, eta ezarritako plan nagusia betetzen ari direla aurreratu du. Donostiako DBus konpainiari bultzada emango diote orain, eta Euskotrenen linea osoan Barik eta Mugi txartelak erabiltzeko aukera ere ezarriko dute lehen baino lehen. Pausoz pauso doazela eta hurrengo urratsa Bilboko Metroa izango dela azaldu du.

Interoperatibitatea izan dute orain arte ardatz, eta, orain, tarifak bateratzea izango dute helburu, esan du. Ez da erraza izango, lurralde bakoitzak bere tarifikazioa eta deskontu sistema duelako; hori dela eta, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek elkarrekin egin beharko dute lan, guztia adostu eta koordinatzeko. "Txartel bakarrarekin garraiobide guztiak erabili ahal izatea bultzatu behar da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak