Politika -
LANKIDETZA AKORDIOA
Bakegintza eta bizikidetza bultzatuko ditu Donostia 2016k
Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanerako akordioa izenpetu du. Aurreneko urratsa urrian emango dute, 'Zuzendu' izeneko jardunaldiekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Bakegintzako eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua erakundeak elkarlanerako akordioa sinatu dute, ekitaldi ezberdinen bidez bakea eta bizikidetza bultzatzeko.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bakegintzako eta Bizikidetzako idazkari nagusiak eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariak eman dute akordioaren berri, goizean, hedabideen aurrean egin duten agerraldian. Dagoneko lotuta dituzten hainbat ekitaldi ere iragarri dituzte. Urriaren amaieran egingo da akordioan baitan adostutako lehendabiziko ekintzak: Zuzendu Jardunaldiak egingo dira urriaren 30ean eta 31n, "Autokritikaren balioak" izenburupean. Egun bat lehenago, urriaren 29an, bakegintzaren eta bizikidetzaren inguruko dokumental bat estreinatuko da Bilbon eta Donostian, aldi berean.
Horrez gain, Donostia 2016 Gernikako Bakearen Museoarekin eta Gernika Gogoratuz elkartearekin lanean ari da, egungo beharrizan sozialei aurre egiterakoan arteak duen eragina eta ekarpena aztertzeko”.
Eusko Jaurlaritzaren 'Memoriaren Plaza' izeneko ekimenarekin ere bat egingo du Donostiak 2016k. Egitasmo horren bidez herritarren memoriari buruzko lekukotzak, idatziak edo telefono mugikorrez grabatuak, biltzen ari dira.
Era berean, Memoriaren Plazari lotutako espazioa prestatuko du 'Bakearen Milia'ren baitan; Urumea ibaiaren erriberan zeharreko 1,5 km-ko ibilbide horrek plano ezberdinetatik (iraganaren begirada, memoria eta erreparazioa, besteak beste) bakeari buruzko gogoeta egitera bultzatuko ditu ibiltariak. Ibilbideak 2016ko ekainetik abendura arte iraungo du, eta hor Memoriaren Plazari lotutako espazio bat prestatuko dute. Ibilbidea egiten dutenek ordura arte bildutako lekukotzak ezagutu eta ikusteko aukera izango dute espazio horretan, eta beren lekukotzak ere gehitu ahal izango dituzte. Omenaldi artistiko bat ere prestatuko dute, musikaren eta hitzen bitarteaz indarkeriaren biktima guztiak “oroitzeko eta aintzat hartzeko”.