Politika -
Katalunia
Colauk ez du Diadako manifestazioan parte hartuko
Bartzelonako alkatearen ustez, irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskundeekin 'lotura estua' du aurtengo Diadak, eta, beraz, egun duen karguagatik, ez dagokio bertan parte hartzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ada Colau Bartzelonako alkateak gaur jakitera eman duenez, irailaren 11n, Diada egunean, egingo den manifestazioan ez du parte hartuko. Colauren hitzetan, aurtengo deialdiak "lotura estua" du irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskundeekin, eta, bere ustez, alkate den neurrian ez dagokio manifestazio horretan parte hartzea.
"Nire kargu instituzionala kontuan hartuta, hobe da gauzak bereiztea", esan du RAC1 irrati-kateari egindako adierazpenetan. Bertan azaldu duenez, azken urteotan herritar bezala parte hartu du Diadako ekitaldietan, baina alkate bezala egokiago ikusten du ez egitea.
Manifestazioaren aurrean "errespetu osoa" agertu nahi duela adierazi du, eta Bartzelonako Udalak Diadarekin lotutako ekitaldi guztietara ordezkaritza bidaliko duela aurreratu du. "Aurten aparteko egoera bizi dugu Katalunian, batez ere, PPren erruagatik", gaineratu du.