Politika -
Amnistia eskatzeko martxa
Bilbon izandako presoen aldeko martxa salatuko du Urquijok
Gobernuak EAEn duen ordezkariaren esanetan, presoentzat amnistia eskatu zuen atzoko martxak "terrorismoa goratu zuen".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Larunbat honetan Bilbon izandako presoen aldeko martxa salatuko du Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkariak Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren aurrean, amnistia eskatzen zuen elkarretaratze horrek terrorismoa goratu zuelakoan.
EFEri eskainitako adierazpenetan Urquijok esan duenez, manifestazioaren bozeramaileek agiria irakurri zuten martxaren bukaeran. "Ez gara terroristak, gutako onena eman baitugu Euskal Herriko odolaz elikatzen diren munstro horiei aurre egin ahal izateko" (Espainiako eta Frantziako Estatuei aipamena eginda), esan zuten bozeramaile horiek.
Urquijoren esanetan, adierazpen horrek "terrorismoa goratzea delitu argi bat dakar". Hori dela eta, eta Terrorismoaren Biktimak Aitortzeko eta Babesteko Legeari erreparatuta, martxa hori salatzera "behartuta" ikusi du bere burua, Estatuak biktimen "duintasunaren defentsa" bereganatu behar baitu.
Salaketa bihar goizean aurkeztuko du, Estatuko Segurtasun Indarrek egindako txostenekin eta prentsa-artikuluekin batera.
Gobernuak EAEn duen ordezkariak salatu duenez, "batzuek uste dute, ETAk jada hiltzen ez duenez, terrorismoaren gainean edozer gauza esan daitekeela".