Politika -

Bermeon

Presoen aldeko bi ekitaldi bertan behera uzteko eskatu du Urquijok

"Terrorismoaren biktimak omentzea eta urkatzaileak goratzea baterazinak dira, eta hori helarazi behar die lehendakariak EAEko alkateei", gaineratu du Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EFE
Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoen alde Bermeoko jaietan egingo dituzten bi ekitaldi debekatzeko eskatu du Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

"Terrorismoaren biktimak omentzea eta urkatzaileak goratzea baterazinak dira, eta hori helarazi behar die Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko alkateei datorren irailaren 4ean izango duten bileran", gaineratu du Urquijok. "Hau argi ez duten bitartean, gainerako neurriek ez dute ezertarako balio izango", azpimarratu du.

Ohar baten bidez Urquijok nabarmendu duenez, "euskal erakunde guztiek terrorismoaren biktimak babestu arte, ez gara demokrazia oso batean biziko".

Irailean lehendakariaren eta alkateen artean izango den batzarrari aipamena eginda, EH Bilduko alkateei bereziki, Urquijok esan duenez, "iruzur egitea da biktimak omentzeko formulak bilatzeko asmoz bileretara joatea, astebete lehenago edo beranduago ETAko presoen aldeko txupinazoak, herri-bazkariak edo omenaldiak babestu dituztenean".

Administrazioarekiko auzi-helegitea aurkezteko eskatu dio Gobernuko ordezkariak Estatuko Abokatuari, irailaren 7rako eta 19rako aurreikusitako presoen aldeko brindisa eta herri-bazkaria behin-behinekoz bertan behera utz dezaten. Gainera, jazotakoa Fiskaltzari jakinaraziko diola iragarri du Urquijok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Alkateen mapa 2015