Politika -

Urte politikoaren hasiera

Bozen ondoren Estatutuaren erreformari heltzea espero du Urkulluk

Lehendakariaren esanetan, Gernikako Estatutua berritzeko ez da beharrezkoa aurrez Espainiako Konstituzioa aldatzea.

Gobernu bilera. Argazkia: EiTB
Gobernu bilera. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'Hazkundea suspertu egin da, baina geldo doa'

1:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako hauteskundeen ondoren, Euskadi eta Espainiaren arteko harremanetan aro berria irekitzeko itxaropena agertu du Iñigo Urkullu lehendakariak lan-urte berriko lehen agerraldian. Horren esanetan, Espainiako Konstituzioa erreformatzeari itxaron gabe berritu daiteke Gernikako Estatutua.

Urte politiko berriko lehen Gobernu Bileraren ondoren egindako adierazpenetan, Espainiako hauteskunde orokorrak igarota abian jar daitekeen "aro politiko berria" izan du hizpide lehendakariak. Horren hitzetan, legealdi berrian baliteke errealitate plurinazionalak aitortzeko bidea irekitzea Espainiako Diputatuen Kongresuan. Are gehiago, inork gehiengo absolutua ez lortzea aurreikusten denez, "aldebikotasunean" oinarritutako euskal autogobernuaren erreforma egiteko baldintzak beteko direla adierazi du.

"Garai berri horrek bakea eta elkarbizitza eta Euskadirentzako itun politiko berria lortzea ahalbidetu dezake, betiere, lankidetza oinarri hartuta", gaineratu du.

Estatus politiko berriari dagokionez, lehendakariak ez du uste Gernikako Estatutua berritzeko aurrez Espainiako Konstituzioa berritu behar denik. Are gehiago, ezinezko ikusten du PP eta PSOE ados jartzea Konstituzioa erreformatzeko. Dena den, autogobernua hobetzeko, sozialisten laguntza izatea espero du.

"Espainiak arazo bat du estatu ereduarekin, eta berrikusteko premia dauka", nabarmendu du.

Bestalde, Katalunian irailaren 27an izango diren hauteskundeak hizpide hartuta esan du Eusko Jaurlaritzak erabateko errespetua agertuko duela katalanek eta Kataluniako agintariek hartzen dituzten erabaki politikoen aurrean.

"Hazkundea" eta "kalitatezko enplegua" izango dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak

"Hazkunde ekonomikoa" eta "kalitatezko enplegua izango dira Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak urte politiko berri honetan", Urkulluk iragarri duenez.

Horren esanetan, Euskadi susperraldi ekonomikoaren hasierako puntuan dago. "Hazkundea moderatua izango da. Gure lehentasunak hauek izango dira: ekonomia eta kalitatezko enplegua errekuperatzea, eta segurtasuna, ziurtasuna, konfiantza eta bizi-kalitatea berreskuratzea", azaldu du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2015erako egindako hazkunde iragarpenak berretsi ditu. Horren arabera, EAEko barne produktu gordina % 2,5 haziko da aurten, eta enpleguak % 1,6 egingo du gora. "Herrialde gisa, hazkundea eta kalitatezko enplegua dira gure lehentasunak", azaldu du.

Horrez gain, kudeaketan doitasunei eusteko premia azpimarratu du; izan ere, Jaurlaritzak ez du epe motzean aldaketarik espero ekonomian. "Zerbitzu publikoei eta gizarte politikoei eustea izango dira gure erronka nagusiak. Oinarri hori egonkortzeak aurrera egitea ahalbidetuko digu, eta inbertsioak egitea, besteak beste, berrikuntzan, gazteen enpleguan eta industrian", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak